Agintaritzaren eginkizunak
Hona hemen Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren eginkizun nagusiak:
Datu pertsonalak babesteko araudia betetzen dela gainbegiratzea:
Euskal sektore publikoa osatzen duten administrazio eta instituzioek nahiz instituzio horiei atxikitako entitate pribatuek datuen babesari buruz indarrean dagoen araudia behar bezala bete dezatela zaintzen dugu. Hori egiteko, egiaztatzen da segurtasun-neurri egokiak hartzen direla, datuen erabileran legea errespetatzen dela eta minimizazioaren eta gardentasunaren printzipioak betetzen direla.
Herritarrei sentsibilizazioa eta prestakuntza ematea:
Kanpainak, solasaldiak eta hezkuntzako materialak antolatzen ditugu. Hala, herritarrek, eta bereziki neska-mutil eta nerabeek, datu pertsonalen gainean dauzkaten eskubideak ezagutzen dituzte, eta Interneten eta sare sozialetan informazioa konpartitzeak dakartzan arriskuak ulertzen dituzte. Gure helburua da euren pribatutasunari buruzko erabakiak hartu ahal izan ditzatela, behar bezala informatuta egonda.
Euskal instituzio publikoei aholku ematea:
Txostenak eta gomendioak egiten ditugu lege-proiektuei, erregelamenduei edo zerbitzu digitalei buruz, tartean datu pertsonalen tratamendua badago. Horrela, arriskuak prebenitzen laguntzen dugu, ekimen publikoen diseinutik abiatuta, eta pribatutasuna hasieratik integratuta egon dadila sustatzen dugu.
Jokabide-kodeak sustatzea:
Jokabide-kodeen eta ziurtapen-eskemen sorrera bultzatzen dugu, horiek antolakundeentzat lagungarriak baitira araudia betetzeko. Tresna horiei esker arau argiak eta gardenak ezarri ahal dira, datu pertsonalen babesa bermatzeko.
Pertsonen erreklamazioak artatzea:
Euren datuak behar ez bezala tratatu direla uste duten pertsonek aurkezten dituzten erreklamazioak izapidetzen ditugu. Kasu bakoitza aztertzen dugu, zerikusia izan duen entitateari informazioa eskatzen diogu, arau-hausterik egon den ala ez ebazten dugu, eta arau-haustea zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak hartzen ditugu.
Beste kontrol-agintaritza batzuekin lankidetzan aritzea:
Autonomia-erkidegoetako, estatuko eta nazioarteko beste agintaritza batzuekin elkarlanean aritzen gara modu aktiboan, ikerketak koordinatzeko eta araudia lurralde osoan koherentziaz aplikatzen dela bermatzeko.
Datuak babesteko ordezkarien (DBO) prestakuntza sustatzea:
Zenbait ekintza bultzatzen ditugu, euskal entitate publikoetako DBOei prestakuntza eta laguntza emateko, ordezkari horiek funtsezkoak direlako antolakunde bakoitzean pribatutasuna bermatzeko.
Garapen teknologikoa eta garapen horrek pribatutasunean duen eragina gainbegiratzea:
Aurrerabide teknologikoek (adibidez, adimen artifiziala, big data edo biometria) pertsonen eskubideetan nolako eragina duten ebaluatzen dugu, eta gerta daitezkeen arriskuei aurrea hartzen diegu, babes egokiak aplikatzen direla ziurtatzeko.
Jardueren txostenak prestatu eta argitaratzea:
Gainbegiratzeko, zehatzeko eta prestakuntza eta aholkua emateko egiten ditugun jardueren emaitzekin, aldian-aldian, txostenak argitaratzen ditugu, gure jardueraren gardentasuna bermatzeko eta gizarteari kontuak emateko.
Berariazko eginkizunak zigor-arloan:
Ezarrita dauden kasuetan, delituak prebenitu, detektatu, ikertu eta epaitzearekin eta zehapen penalak betearaztearekin zerikusia duten datuen tratamenduak gainbegiratzen ditugu.
Laburbilduz,
DBEAk gainbegiratzeko, eskubideak babesteko, orientabidea emateko eta lankidetzan aritzeko eginkizunak uztartzen ditu ikertzeko, betetzea galdatzeko, zehatzeko eta aholku emateko ahalekin. Horren guztiaren babesa legeetan dago:
- 16/2023 Legea, 6. artikulua, zeinak Agintaritzari esleitzen baitizkio eginkizun eta ahal batzuk, hain zuzen ere DBEOn (57. eta 58. artikuluak) eta 7/2021 Lege Organikoan (49. eta 50. artikuluak) ezarritakoak, bai eta 16/2023 Legean ezarritakoak ere.
- DBEO; zehazki, 57. artikulua (kontrol-agintaritzen eginkizunak) eta 58. artikulua (kontrol-agintaritzen ahalak).
- 7/2021 Lege Organikoa, zigor-arloko tratamenduak arautzen eta esparru horretan eginkizunak (49. artikulua) eta ahalak (50. artikulua) esleitzen dituena.













