Ezagutu Agintaritza

Nor gara?

Datuak Babesteko Euskal Agintaritza (DBEA) administrazio-agintaritza independentea da, eta bere helburua zure pribatutasuna babestea da. Agintaritza honek nortasun juridiko propioa dauka, eta inpartzialtasunez jokatzen du, kanpoko eraginetatik bazter, ziurtatzeko zure datu pertsonalak behar bezala tratatzen direla euskal sektore publikoa osatzen duten administrazio eta instituzioetan nahiz instituzio horiei atxikitako entitate pribatuetan.

Zer egiten dugu?

Batik bat, hauek dira gure eginkizunak:

Zaintzea eta kontrolatzea. Gure zeregin nagusia da ziurtatzea euskal sektore publikoak datu pertsonalen tratamendu legezkoa, fidela eta gardena egiten duela eta pertsonen oinarrizko eskubideak errespetatzen dituela. Horretarako, ikuskapenak eta auditoretzak egiten ditugu, administrazio horiek hartzen dituzten segurtasun-neurriak kontrolatzen ditugu eta jasotako segurtasun-arrakalen jakinarazpenak aztertzen ditugu.

Orientabidea eta laguntza ematea. Pertsonei informazio argia eta irisgarria ematen diegu, datuen babesaren arloan dauzkaten eskubideei buruz. Halaber, euskal entitate publikoei eta entitate horietako datuak babesteko ordezkariei aholkua ematen diegu, eta euren eginkizunak betetzeko beharrezkoa duten orientabidea ere bai.

Zabalkundea egitea eta lankidetzan aritzea. Prestakuntzako eta zabalkundeko ekintzetan parte hartzen dugu, pribatutasunaren kultura sustatzeko eta datuen babesaren arloko eskubideak hobeto ezagutu daitezela bultzatzeko. Era berean, beste hainbat arlotan (oinarrizko eskubideak, adimen artifiziala eta zibersegurtasuna) lankidetzan aritzen gara Euskal Autonomia Erkidegoko organismoekin eta datuak babesteko Espainiako eta nazioarteko beste agintaritza batzuekin.

Nola jokatzen dugu?

DBEA abenduaren 21eko 16/2023 Legearen mendean dago (Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren Legea), eta, horrez gain, 2016/679 Erregelamenduaren (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO) eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren mendean ere bai (Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko Lege Organikoa).

Arau-esparru horretan, eginkizunen aldetik bidea dugu erabateko independentziaz jokatzeko, hau da, inork ere ez du eskurik sartzen gure zereginetan (gainbegiratzea, kontrolatzea eta ikertzea). Gainera, diziplina anitzeko taldea daukagu, inpartzialtasunez, zorroztasunez eta konpromisoz lan egiten duena. Gure baliabideei dagokienez, aurrekontu propioa daukagu, eta, horri esker, kudeaketa efiziente eta eraginkorra bermatzeko beharrezkoak diren bitartekoak dauzkagu, herritarren eta euskal entitate publikoen beharrizanak gogoan hartuta.

Orrialde hau partekatu