• Wi-Fi tracking teknologien erabilerak arrisku handiak dakartza, behar bezalako lege-oinarri egokirik gabe pertsonen mugimenduen jarraipena egiteko bidea ematen baitu.
• Orokorrean, halako soluzioak abian jarri aurretik datu-babesaren gaineko eraginaren ebaluazioa gainditu beharko da.
• Baliteke pertsonak ez konturatzea Wi-Fi trackingean oinarritutako datu pertsonalen tratamenduak egiten ari direla. Horrenbestez, DBEOn ezartzen den gardentasunaren printzipioa areago bete behar da.
Datuak Babesteko Espainiako Agentziak, Gardentasunaren eta Datu Babesaren Andaluziako Kontseiluak, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzak eta Datuak Babesteko Kataluniako Agintaritzak zenbait orientabide prestatu dituzte Wi-Fi tracking teknologien erabilera eta datu pertsonalen babesa bateragarri egiteko. Teknologia hori behar ez bezala erabiltzeak ondorio txarrak ekar ditzake pribatutasunean eta pertsona fisikoen datuen babesean, eta hori dela eta sortu dira jarraibide horiek.
Wi-Fi trackinga, edo Wi-Fi jarraipena, gailu mugikorrak identifikatzeko eta haien jarraipena egiteko modua ematen duen teknologia da. Gailu mugikor horiek emititzen dituzten Wi-Fi seinaleak erabiltzen ditu, eremu jakin batean gailu horien presentzia detektatzeko eta mugimendu-ereduak identifikatzeko. Gainera, leku baten edukiak kalkulatzeko, pertsonen fluxuak aztertzeko edo pertsonak leku batean egoten diren denborak neurtzeko erabiltzen da.
Era berean, modu praktikoan aplikatu ahal da merkataritza-zentroetan, museoetan, lantokietan, gune publikoetan, garraio publikoan edo gertakari publiko handietan. Hala ere, jardunbide horrek pribatutasunerako arrisku handiak dakartza; izan ere, baliteke pertsonen mugimenduen jarraipena egitea pertsona horiek ezer egin gabe eta ezer jakin gabe, eta behar bezalako lege-oinarririk gabe.
Horren haritik, ezinbestekoa da konturatzea Wi-Fi trackingaren erabilera horietako askotan datu pertsonalak biltzen direla eta datu pertsonal horien beste hainbat tratamendu egiten direla eta, beraz, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorrean (DBEO) ezarritako printzipioen, pertsona fisikoen eskubideen eta tratamenduaren arduradunentzako eginbeharren mendean egon behar dutela.
Orientabide horietan, teknologia hori erabiltzeak dakartzan ondorioak aztertzen dira, arlo teknikoan zein arlo juridikoan, teknologia horrekin lotutako arrisku nagusiak identifikatzen dira eta gomendio zehatz batzuk ematen dira teknologia hori arduraz erabiltzeko eta datuen babesari buruzko araudiarekin bateragarri egiteko.
Kontrol-agintaritzen iritziz, beharrezkoa da ohartaraztea Wi-Fi Tracking teknologia erabiliz inplementatzen diren datu pertsonalen tratamenduekin lotutako arriskuez. Hain zuzen ere, arrisku horietako batzuk honako hauek dira:
• Pertsonen intimitatearen gaineko eragina
• Norberaren bizilekuan edo gune publikoetan eskua sartzea
• Datu anonimoen berridentifikazioaren eragina
• Kokapeneko datuei lotutako arriskuak
• Askatasun pertsonala mugatzea eta autozentsura
• Tratamenduaren eskala
• Erabilitako bitartekoen konturik ez ematea
• Datu pertsonalen segurtasunean egon daitezkeen arrakalak
• Datu pertsonalen nazioarteko transferentziak
Wi-Fi Tracking teknologia erabiltzeak dakartzan arrisku-faktore eta -elementuak kontuan hartuta, orokorrean, teknologia hori erabiltzen duten tratamenduetan datu-babesaren gaineko eraginaren ebaluazioa egitea nahitaezkoa izateko baldintzak beteko lirateke. Arduradunak datu-babesaren gaineko eraginaren ebaluazioa egitea nahitaezkoa den ala ez argi ez daukanean ere, datuak babesteko agintaritzen gomendioa da ebaluazio hori egitea, arestian azaldu diren arrisku-faktoreak aintzat hartuta.
Orientabide horien artean, halaber, DBEOren printzipioak betetzeari buruzko baldintza guztiak betez gero inplementatu beharreko neurrien zerrenda bat dago:
• Datuak bildu eta berehala anonimizatzea eta agregatzea
• Wi-Fi trackinga egiten den esparrua mugatzea
• Geolokalizazio-datuen gurutzaketarik ez egitea beste iturri batzuetako datuekin
• Gailu mugikor batek leku berean hainbat aldiz bisita eginez gero gailu horri bisita guztietan identifikatzaile berbera ez esleitzea
• Borondatez salbuesteko benetako aukera ematea
• Datuen erabilera arduradunak emandako jarraibidetara mugatuko duten tratamendu-mandatuak ezartzea
• Nazioarteko transferentziak eragoztea behar bezalako bermerik ez badago
• Auditoretza independenteak egitea
• Segurtasun-neurriak inplementatzea, arrisku-mailaren araberakoak eta etengabe berrikusi beharrekoak
Azkenik, kontrol-agintaritzek ohartarazten dute Wi-Fi Tracking teknologiaren berezitasunari buruz: baliteke pertsonak ez konturatzea teknologia horretan oinarritutako datu pertsonalen tratamenduak egiten ari direla, eta horrek esan nahi du gardentasunaren printzipioa areago bete behar dela, informazio argia eta irisgarria emanez. Horretarako mekanismo erabilgarri batzuk izan daitezke, adibidez, jendeak ikusteko moduan informazioa dakarten panelak jartzea, seinale publikoak jartzea, edo informazio-kanpaina publikoak egitea.
Gida ”Wi-Fi jarraipeneko teknikak: Tratamenduaren arduradunentzako orientabideak”