KORRIKA Euskal Herri osoan zehar egiten den euskararen aldeko ekimen erraldoia da. Euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea ditu helburu.
KORRIKA bi urterik behin Euskal Herriko jendartea astintzen duen gertakari bilakatu da, oso ekimen babestua eta maitatua, zalantzarik gabe. Bertan parte hartzen duen jende-kopuruak gora egiten du etengabe, KORRIKAren antolaketan milaka lagun aritzen dira herriz herri eta auzoz auzo eratutako batzordeetan, eta kanpainak irauten duen bitartean, hil batzuk lehenago aurkezten denetik azken eguneko jaia egin arte, ehunka jaialdi, kultur ekitaldi eta abar antolatu ohi dira.
Konpromezuen lorpenean aurrerapausuak eman diren arren, bide luzea dago aurretik zeinetan administrazioetatik euskaltegi eta gau-eskoletara bideratzen diren baliabideak ez diren nahikoak. Gauzak horrela, KORRIKAren helburu garrantzitsuenetako bat da euskalduntze-alfabetatzerako bitartekoak eskuratzea eta euskaltegien zein gau-eskolen lana sustatzea. 23. Korrikak jasotzen duen dirua, beraz, Euskal Herri osoko gau-eskolei eta euskaltegiei laguntzeko erabili nahi dugu.
Datuak Babesteko Euskal Agintaritzak ez du utzi nahi izan euskararen alde lan egiteko aukera pasatzen, eta KORRIKA laguntzaile egin da. Elkarteko kideek 1049 Km korrituko dute Zabalganan, Gasteizen, datorren astelehenean, martxoak 18, gaueko 20:50ak aldera.