Konpartitu

DBEAko lehendakariaren adierazpena, Datuak Babesteko Nazioarteko Eguna dela eta

Argitalpen-data: 

Datuak Babesteko Euskal Agintaritza

Unai Berasturi, DBEAko lehendakaria

Gaur, urtarrilak 28, datuen babesaren nazioarteko eguna ospatzen da, Europan arlo horretan lehenengo arau garrantzitsua –Europako Kontseiluaren 108. Hitzarmena– sinatzeko ireki zen egunaren omenez. Agiri hura onartu eta sinatzea garrantzi handiko mugarria izan zen; izan ere, une hartan teknologia berriek gizartean eztabaida handirik sorrarazten ez zuten arren, testu hark errealitateari aurrea hartu zion eta oso ezaguna ez zen eskubide bat arautu zuen. Orduz geroztik ur asko igaro da zubi azpitik, eta urrats asko egin dira datu pertsonalak babesteko eskubidea zaintzeko: arlo hori erregulatzen duten arau berriak onartu dira, eskubide hori oso garrantzitsuak diren testu batzuetan kontsolidatu da, adibidez Europar Batasunaren Oinarrizko Eskubideen Gutunean; horrez gain, euren jardueraren ardatz datu pertsonalen babesa duten instituzioak sortu dira, esate baterako Datuak Babesteko Euskal Agintaritza (DBEA)...

Gaur egun, DBEAk aurrean dituen erronkak ugari-ugariak dira, eta kasu askotan berri-berriak:

  • teknologiaren garapenak adimen artifizialaren edo zibersegurtasunaren esparruan eta beste hainbat esparrutan sorrarazten dituen arazoei aurre egitea, edo datuen tratamendurako eremu berriak sortzea;
  • datuen babeserako jardunbide onen irizpideak ezartzea kontu handiz jorratu behar diren esparruetan, esate baterako osasunean, segurtasunean edo hezkuntzan;
  • gizartean sentsibilizazioa sortzeko kanpainak garatzen jarraitzea, pertsonak beren pribatutasunaren garrantziaz kontura daitezen;
  • entearen antolaketa eta funtzionamendua egokitzea duela gutxi onartu den Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren Legearen xedapenetara.

Datorren otsailean Datuak Babesteko Euskal Agintaritzak 20 urte beteko ditu, 2004an Datuak Babesteko Euskal Bulego gisa sortu zenetik. Datuen babesaren nazioarteko eguna une aproposa da gauza bat azpimarratzeko: entearen izena berria da, berria ere aplikatzen zaion legea, eta erronka berriei aurre egin beharko zaie, baina ilusioz eta konpromisoz jarraituko dugu lanean, erakundea sortu zenean bezalaxe, gizarte bat eraikitzeko non pribatutasuna baloratuko den, eta pertsonen datuak behar beste bermerekin tratatuko diren.