Atzo Euskal DBOen 1. Batzarra ospatu zen. Ekitaldia Bilboko Bizkaia Aretoan egin zen, eta ehun pertsona baino gehiago bildu ziren datuak babesteko ordezkarien eta beren lantaldeen parte diren langileen artean.
DBEAk horrelako topaketa bat antolatzen duen lehen aldia da, eta gauza bat segurua da; ez da azkena izango. Ekitaldiak piztutako interesa eta, batez ere, egun bat igarota bertaratutakoengandik jasotako itzulera positiboa dira foro mota hau egitearen egokitasunaren erakusle, non ikasi, esperientziak partekatu eta, batez ere, elkar ezagutu ahal dugun.
DBEAko presidenteak, Unai Aberasturik, goizeko 9:35 inguruan eman zuen ongietorria. Jarraian, Meritxell Borràsek hartu zuen hitza, Autoritat Catalana de Protecció de Dades erakundeko zuzendariak. Andaluziako Gardentasunaren eta Datuen Babesaren Kontseiluko Jesús Jiménezek eta eta Mar Españak, Datuak Babesteko Espainiako Bulegoko zuzendariak, bideo bidez bidali zizkioten laguntza-mezuak Euskal Agintaritzari.
Ondoren, parte zientifikoari hasiera eman zitzaion, Euskal Agintaritzaren Aholkularitza Juridikoko eta Ikuskaritzako Unitateko letraduek eta Eragin Teknologikoak eta Segurtasun Arriskuak Ebaluatzeko Unitateko ordezkari batek parte hartu baitzuten. Azken horrek, batez ere, segurtasun-arrakalen komunikazioari eta izapidetzeari buruz hitz egin zuen.
Etenaldiaren ondoren, erakundeko idazkari nagusi Ainara Ugalderen txanda iritsi zen, APDCATeko Joana Marí Cardona "DPD en Xarxa”ren aurkezpenean lagundu zuelarik, Kataluniako datuak babesteko pertsona delegatuen sarea, esperientzia aitzindaria DPD sareei dagokienez.
Ondoren, Ugaldek HEDATU, DBOen Euskal Sarearen aurkezpena egin zuen. Mundu honetan pribatutasunaren babesa eta datu pertsonalen kudeaketa gero eta funtsezkoagoak dira. Hori gogoan izanik sortu da HEDATU, euren lanbidea esparru publikoan garatzen duten pertsonek bat egin dezaten, ikasketa, lankidetza eta esperientzien elkartrukea bideratzeko. Horretarako, izen bereko plataforma informatiko kolaboratibo batez hornitu da, eta erakundeko informazio- eta dokumentazio-teknikariak aurkeztu zuen.
HEDATU Euskal Sektore Publikoko DBO guztien parte-hartzearekin ehundu nahi den sarea da. Pertsona horietako bat bazara edo hauen lantaldean lan egiten baduzu edo horietako batekin lankidetza estua baduzu,
Bat egin HEDATUrekin!