Erakunde honen sorrera Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategi eta Datuak Babesteko euskal Bulegoa Sortzeari buruzko, otsailaren 25eko 2/2004 Legea onartzean datza. Lege horrek datu pertsonalen tratamendua arautzeko beharrari erantzun zion, aurrerapen teknologikoak pertsonen informazioa kudeatzeko modua eraldatzen ari ziren testuinguru batean.
Laburbilduz: 2/2004 Legea garapen teknologikoaren eta herritarren intimitatearen babesaren arteko oreka aurkitzeko kezkatik sortu zen.
Datuak Babesteko Euskal Agintaritzari buruzko abenduaren 21eko 16/2023 Legea onartu berri da, eta horrek bulkada osagarria eman dio arlo horretako legegintza-bilakaerari. Erakundearen izena aldatzeaz gain (orain Datuak Babesteko Euskal Agintaritza esaten zaio), honen jardun-eremua eta zehatzeko ahalmenak nabarmen zabaldu dira.
Legegintza-bilakaera hori funtsezkoa izan da euskal herritarrek sektore publikoa osatzen duten erakundeekin dituzten harremanetan datu pertsonalak babesteko duten eskubidea erabili ahal izatea bermatzeko. Esparru horretan, DBEAk, datu pertsonalak babesteko oinarrizko eskubidearen bermatzaile den aldetik, zeregin erabakigarria izan du datu horiek tratatzen dituzten erakundeak ikuskatzeko eta fiskalizatzeko, eta gizabanakoen pribatutasuna eta intimitatea errespetatzen direla ziurtatu du.
Hogei urteko jardunbidean, gainera, erakundearen funtsezko lana izan da euskal erakunde publikoen artean sustatzea herritarren datuak behar bezala babesteko eta informazio pertsonala tratatzeko jardunbide egokiak jarrai ditzaten. Halaber, lan garrantzitsua egin du herritarren kontzientzia sustatzen datu pertsonalen babesari dagokionez.
20 urteko ibilbidea ospatzeko, DBEAk ekitaldi batzuk aurreikusi ditu, zeinak joan den otsailaren 22an hasi ziren, Bizkaiko Abokatuen Elkargo Ohoretsuan egindako informazio-jardunaldi batekin. Gainera, 2024an zehar, honetarako propio sortutako ikurra erakutsiko du erakundeak.
Laburbilduz, hogeigarren urteurren honetan, erakundeak Euskadin datuen babesean izan duen legatua eta eragin positiboa ospatzen dugu. Etorkizunera begira, lanean jarraitzeko konpromisoa berresten dugu, euskal herritarrek datuen babesaren arloan dituzten oinarrizko eskubideak sektore publiko osoaren aurrean eta une oro errespetatu eta babestuko direla bermatzeko.