Konpartitu

Poztasun-sentsazioa udako ikastaroa egin ondoren

Argitalpen-data: 

Datuak Babesteko Euskal Agintaritza

Datuak Babesteko Euskal Agintaritzak "Digitalización de la enseñanza: una visión desde la protección de datos" ikastaroa egin zuen atzo Donostiako Miramar Jauregian, UIKren udako ikastaroen barruan. Ez da lankidetza hori ematen den lehen aldia, eta ziur ez dela azkena izango, izan zuen harrera ona ikusita.

Ainara Ugalde DBEAko idazkari nagusiak eman zion hasiera jardunaldiari. Jarraian, Unai Aberasturi lehendakariak gaia sartu zuen, jauregira hurbildu ziren pertsona guztiei ongietorria emanez, baita ekitaldia streaming bidez jarraitzen ari zirenei ere.

Orduan hizlarien txanda iritsi zen. Parte hartzen lehena Lauro Ikastolako Iñigo Martínez Peña izan zen. Filosofian lizentziatua den batxilergoko irakasle hau, gainera, Agora Filosofia Elkarteko zuzendaritza-batzordeko kidea da, eta hainbat azterlan eta argitalpenen egilea; besteak beste, 2023ko "Pantilen garaipena: begiradaren totalitarismoaren kontra" liburua. "Pantailen garaipena eskolan?" hitzaldiarekin, nerabeek gailu mugikorrez egiten duten erabilerari buruzko hausnarketa sakona egin zuen Martinezek, neurri handi batean bere esperientzian oinarrituta. Bere alegatua pantailen erabilera-denbora murrizteak ekarriko lituzkeen onuretan oinarritu zen. Bigarrenik, Julian Prieto Hergueta Datuak Babesteko Espainiako Bulegoko Sustapen eta Baimenen zuzendariorde nagusiak hartu zuen hitza. Herguetak pribatutasunaz eta osasun digitalaz hitz egin zuen, gazteengan arreta jarriz. Gainera, AEPDk modu irekian guraso, irakasle, hezitzaile eta herritar guztien eskura jartzen dituen tresnak azaldu zituen. Horren erakusgarri da aurtengo maiatzean argitaratutako gida: “Un móvil es más que un móvil”. Atsedenaldiaren aurretik, Aberasturik jardunaldiko gai nagusiaren aurrean DBEAk duen ikuspegia azaldu zuen.

Kaferako etenaldiaren ondoren, idazkari nagusiak mahai-inguruari hasiera eman zion eta hasierako hizlariei, Ainize Iriondo Plaza DBEAko letradu-instruktoreak batu zitzaien. Ugaldek, elkarrizketa moderatzeaz arduratzen zenak, zenbait kasu azaldu zituen zeinei buruz mahaiko partaideak mintzatu ziren. Esate baterako, ikastetxe bateko zuzendaritzak zer ezaugarri edo gai hartu behar dituen kontuan merkatuko hezkuntza-plataforma teknologiko bat aukeratzeko orduan.

Amaitzeko, bertaratutako pertsona batzuen ekarpen eta hausnarketek beren lekua izan zuten, eta hori oso positibotzat jo zuen erakundeak, aberasgarria zelako.