Konpartitu

Segurtasun-urraketa bat komunikatzea jarrera proaktiboa da berez

Argitalpen-data: 

Datuak Babesteko Euskal Agintaritza

Atzo, apirilak 16, BiscayTIKen egoitzan egin zen Toki Administrazioari eta Datuen Babesari buruzko VIII. Jardunaldi Irekia. Jardunaldia goizeko 9: 30etan hasi zen eta 50 pertsona baino gehiago bertaratu ziren. Bertaratutakoen artean, profil desberdineko pertsonak zeuden, besteak beste, datuak babesteko ordezkariak, aholkulari juridikoak, teknikari informatikoak edo administrazio orokorreko teknikariak. Gainera, jende askok jarraitu zuen saioa streaming bidez.

Ongietorria Gorka de Beristainek (Bizkaiko Abokatuen Elkargoko Praktika Juridikoko Eskolako ikasketaburua), Iñaki Totorikaguenak (BiscayTIKeko zuzendaria), Ager Izagirrek (Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako saileko foru diputatua) eta Unai Aberasturik (Datuak Babesteko Euskal Agintaritzako presidentea) egin zuten.

Aberasturik ekitaldian parte hartu izana eskertu zien bai antolatzaileei, BiscayTIKi, bai ekitaldiko hizlari guztiei, eta ekitaldia egitearen garrantzia aitortu zuen, oso beharrezkoa baita tokiko administrazioentzat datu konprometituak egon daitezkeen zibereraso baten aurrean nola jokatu behar den jakitea.

Ondoren, zuzenbidean eta teknologia berrietan aditua den Jesús Solerrek Román Intxaurtieta, Ainize Iriondo eta Euken Barreña aurkeztu zituen, DBEAko letradu instruktore-ikuskatzaileak hirurak. Intxaurtietak aurkeztu zituen Datuak Babesteko Euskal Agintaritzari buruz argitaratu berri den 16/2023 Legearen xehetasunak, bai eta Agintaritzari berari eta bere jarduerari dakarzkion aldaketak ere. Amaitzeko, prestakuntza aipatu zuen esparru erabakigarri gisa, non DBEAk lema hartu behar duen administrazioei eta herritarrei helarazteko.

Iriondok eta Barreñak hainbat kasu interesgarri aurkeztu zituzten, toki-administrazioaren testuinguruan gertatutakoekin zuzenean lotuta. Bideozaintza, dokumentazio administratiborako sarbideak eta oposizio-eskubidearen ukapena mahai gainean jarri ziren, kasu adierazgarri horien bidez, halaber, azalaraziz datuen babesarekin lotutako eskubideak talka egiten dutela batzuetan, herritarrek dituzten beste eskubide batzuekin.

Etenaldi baten ondoren, Juanan Martín Zubiaur DBEAko Modernizazioko aholkulariak zibersegurtasunari buruzko mahai-inguruko parte-hartzaileak aurkeztu zituen, eta hainbat galdera egin zizkien. Galdera horiek dinamismoa eman zioten gaiari, eta agerian utzi zuten zer zailtasun dituzten administrazioek zibereraso bat jasaten dutenean. Goio Pérezek (DBEAko informatikako auditore ikuskatzailea), Jesús Solerrek eta Imanol Sautok (Segurtasun eta Teknologia Unitateko zuzendaria – Lantik) galdera horiei ez ezik beste batzuei ere erantzun zieten.

Sautok aditzera eman zuenez, egunero ehunka mehatxu jasotzen dira, eta posta elektronikoko mezuen % 65, gutxi gorabehera, ez dira hartzailearengana iristen, segurtasun-zerbitzuek atxikitzen dituztelako. Solerrek administrazio bati eraso informatikoak kudeatzeak dakarren arazoa aipatu zuen, eta esan zuen gertatzen direnean bere buruari galdetzen dioten lehenengo gauza datu pertsonal konprometituak egon diren ala ez dela, eta kasu horretan arrakalaren berri ematen diotela DBEAri. Aukera baliatu zuen Pérezek kasu horietan jarraitu beharreko prozedura azaltzeko, eta gaineratu zuen "arrakala bat komunikatzea berez jarrera proaktiboa" dela, eta Agintaritzak kontuan hartzen duela. Azpimarratu zuen, gainera, zibererasoen larritasuna administrazioek duten babesaren mende dagoela zuzenean, eta, beraz, neurriak aldez aurretik hartzera bultzatu zuen, hau da, prebenitzera.

Parte hartu zuten erakunde guztiek 8. edizioa bete zuen ekitaldia etorkizunean egiteko interesa agertu zuten; beraz, 2025eko edizioak zer gai ekarriko digun ikusteko zain geratzen gara.

Hizlariak (ezk.-esk.): Euken Barreña, Román Intxaurtieta, Ainize Iriondo           Mahaiko partehartzaileak (ezk.-esk.): Goio Pérez, Jesús Soler, Imanol Sauto