
Atzo, Bizkaia Aretoan (EHU), Datuak Babesteko Euskal Agintaritzak (DBEA) Lehenengo HEDATU Biltzarra egin zuen. Topaketa horretan, datuen babesaren arloko ehun profesional baino gehiago bildu ziren, baita hainbat unibertsitatetako ikasleak ere. HEDATU plataformak, euskal esparru publikoko datuak babesteko ordezkarien (DBO) artean ikasketa, elkarlana eta esperientzien elkartrukea sustatzeko sortutako plataformak, lehenengo urteurrena bete du, eta ospakizun horrekin batera egin da ekitaldi hori.
«Etorri. Partekatu. Ikasi. Konektatu» lelopean, biltzarra urteroko hitzordu gisa aurkeztu zen, asmoa dela DBOen Euskal Sarea sendotzea, gero eta konplexuagoa eta zorrotzagoa den ingurune batean profesional horien zeregina indartuz.
Jardunaldia 9:30etan hasi zen, inaugurazio ofizialarekin eta DBEAren lehendakari Unai Aberasturiren agurrarekin. Jarraian, DBEAko Aitor Iriartek eta Gregorio Pérez García de Amézagak zibersegurtasun- gorabeherak kudeatzeko gida azaldu zuten, zeina duela gutxi DBEAk eta Cyberzaintzak, Zibersegurtasunaren Euskal Agentziak elkarlanean prestatu eta aurkeztu baitute.
Egitarauak aurrera jarraitu zuen, eta Jesús Jiménez Lópezek, Gardentasunaren eta Datu Babesaren Andaluziako Kontseiluko zuzendariak, partekatu egin zuen Andaluzian DBOen zeregina indartzeko barneko jarraibide-eredua prestatzen izan duten esperientzia, bai eta urteko txostena prestatzeko gida ere.
10:45etan, Montserrat Auzmendi del Solarrek, Eusko Legebiltzarreko DBOak, arrakasta kasu bat azaldu zuen, parlamentuetako DBOen elkartearen sorrera, alegia; gainera, instituzioen arteko elkarlanaren balioa nabarmendu zuen.
Kaferako atsedenaldiaren ostean, jardunaldiaren haria berriro hartzeko, Eurojusteko DBO den Diana Alonso Blasen hitzaldia izan zen. Hark DBOen eguneroko erronkak azaldu zituen, «Ezinezko Misioa» izenburupean, euren zereginak Europan duen konplexutasuna agerian jartzeko.
Irrikaz itxaroten genuen uneetako bat izan zen mahai-ingurua. «Bakarrik arriskuaren aurrean» izenburupean, Ainara Ugalde, DBEAko idazkaritza nagusia izan zen moderatzailea. Mahai-inguru horretan parte hartu zuten Begoña Otalorak (Eusko Jaurlaritza), Antonio Miguel Rodríguezek (Osakidetza), Juan Carlos Cuencak (Ertzaintza) eta, berriro ere, Diana Alonso Blasek. Guztiek ere esperientziak eta kezkak partekatu zituzten, baita euren zereginak berezko dituen arrisku eta erantzukizunei aurre egiteko proposamenak ere, horiek guztiak lan hori egiten duen edonorentzako baliagarriak baitira, edozein esparrutan egiten duela ere.
Jardunaldia amaitzeko, amaierako ezustekoaren unea heldu zen: HEDATZAILE 2025 saria emateko ekitaldia. Ohorezko sari horren bidez, HEDATU plataforman izandako inplikazioa, lankidetza eta partaidetza aktiboa aintzatesten dira. Urtero komunitatean aktiboena den pertsona nabarmentzeko sortu da sari hori, jakintza trukatzeko egindako ekarpena, lankidetza profesionala eta sarea indartzeko lana baloratuz.
Aurten, lehenengo edizioan, aintzatespena Iñaki Regidorrek, EITBko sistemetako zuzendari eta DBOak jaso du. Hark emandako adibideak hezurmamitzen du lankidetza-gogoa; izan ere, gogo horrek HEDATUri esangura ematen dio, eta HEDATUk euskal sektore publikoko DBOentzat erreferentziako ingurune gisa duen zeregina indartzen du.