
2024an, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzak (DBEA) 200etik gora espediente izapidetu zituen eta 1.000 kontsultari baino gehiagori erantzun zien. Horrek esan nahi du gorakada handia egon dela, aurreko urtearekin alderatuta. Hala iragarri du gaur Agintaritzako lehendakari Unai Aberasturik, Eusko Legebiltzarreko Erakunde, Gobernantza Publiko eta Segurtasun Batzordearen barruan 2024ko Jardueren Txostena aurkeztu duenean. Urtero egiten den gardentasunezko eta kontu-emateko ariketa horren helburua da herritarren ordezkarien aurrean azaltzea entitateak urtean garatu dituen jarduera-ildo nagusiak.
DBEAk, euskal sektore publikoan datuak babesteko oinarrizko eskubidea babesteaz arduratzen den instituzio independenteak, azpimarratu du bere jardueraren testuinguruak ezaugarri nabarmen batzuk izan dituela; alegia, gero eta digitalizatuago dagoen gizartea, teknologia konplexuen zabalkundea –adibidez, Adimen Artifiziala–, eta ziberdelinkuentziako kasuen gorakada. Aberasturik berretsi du garrantzitsua dela «bermatzea herritarrek euren datu pertsonalen gaineko kontrola eduki dezatela, hori ezinbesteko baldintza baita gizarte demokratiko batean askatasun indibiduala guztiz egikaritzeko».
Lehendakariak, bere agerraldian, azpimarratu du 2024an bi eragile nagusi agertu direla: alde batetik, 2023aren amaieran, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren lege berria onartzearen eraginez barneko prozedurak eta egiturak egokitu behar izatea, eta, bestetik, zuzendaritza berria izendatu ostean bultzatutako Plan Estrategikoa inplementatzea.
Hainbat jarduera-ildo garatu dira, eta horien artean nabarmendu behar da sendotu egin direla herritarrei eta instituzio publikoei zuzendutako sentsibilizazio- eta komunikazio-ekintzak, pribatutasunaren kultura eta jardunbide egokiak bultzatzeko helburuz. Esparru horretan, gertakaririk esanguratsuenetako bat izan da 2024ko azaroan Datuak Babesteko Ordezkarien Euskal Sarea sortu zela eta Hedatu Plataforma Digitala abian jarri zela. Azken hori lankidetzarako eta prestakuntzarako gunea da, eta bertan biltzen dira instituzio publikoetan araudia bete dadila zaintzeaz arduratzen diren profesionalak. Nabarmendu da, halaber, Radio Vitoriarekin lankidetzan Defendatu podcasta sortu dela. Saio horretan, Agintaritzako zenbait kidek, hilero, datuen babesaren arloan pil-pilean dauden gaiak aztertzen dituzte.
Horrez gain, DBEAk bere presentzia areagotu du nazioarteko foroetan, bertatik bertara jakin ahal izateko nazioz gaindiko eremuan araudiaren eta teknikaren aldetik gertatzen ari diren aurrerakadak, bereziki kontuan hartuta azkenaldian Adimen Artifizialari buruzko Europako erregelamendua onartu dela eta datuen arloko eremu berriak sortu direla, esate baterako Osasun Datuen Europako Esparrua.
Barruko eremuari dagokionez, 2024an, gogoan hartzekoa izan da modernizazio teknologikoko prozesuari emandako bultzada. Horren haritik, web-orria guztiz birdiseinatu da, irisgarriago, erabilgarriago eta gardenago bihurtzeko; giza baliabideak antolatzeko plana onartu da, plantilla egonkortzeko eta handitzeko; eta instituzioak euskararekin duen konpromisoa sendotu da, horren erakusgarri direla ekintza zehatz batzuk, hala nola hizkuntza-normalizazioko lehenengo plana edo Korrikan parte hartu izana.
Entitatearen ohiko jarduerari dagokionez, Aberasturik azpimarratu du gora egin duela izapidetutako espedienteen eta jasotako kontsulten bolumenak, baita konplexutasunak ere, eta, gainera, garrantzia hartu dutela segurtasun-arrakalen azterketarekin eta eragin publiko handiko kasuekin zerikusia duten jarduketek. Halakoa izan da, hain zuzen ere, ikastetxeetako digitalizazio-prozesuei buruzko azterketa.