Euskalduna Jauregia, Bilbo
2025eko otsailaren 27a, osteguna | 19:00
Datuak Babesteko Euskal Agintaritzak (AVPD) bere XX. urteurrena ospatu zuen gala instituzional batekin. Bertan, esparru publiko eta pribatuko hainbat ordezkari egon ziren, eta haiekin batera, 20 urte hauetan entitatearekin lan egin duten edo harekin elkarlanean aritu diren hainbat lagun. Bilboko Euskalduna Jauregian egin zen ekitaldi horretan, lortutakoen balantzea egin zen, eta, teknologia etengabe eboluzionatzen ari den ingurune honetan, etorkizunean agertuko diren erronkei buruz gogoeta egin zen; horrez gain, DBEA garatzen eta sendotzen lagundu duten pertsona guztiei omenaldia egin zitzaien.
DBEA 2004an sortu zen, euskal herritarren pribatutasunerako eskubidea babesteko konpromisoarekin. Ente independente horrek, urteen joan-etorrian, euskal administrazioei digitalizazio-prozesuan lagundu die, teknologia berriak ezartzean eta erabiltzean pertsonen eskubideak errespetatu daitezen. Agintaritzaren lanak, batik bat, jardunbide txarren arloko sentsibilizazioa eta prebentzioa du ardatz eta, hala, datuen babesaren kultura sustatzen du. DBEA benetako erreferentzia izan da pribatutasunaren defentsan, gaur egun ere erreferentzia da, eta gai izan da 20 urte hauetan ondoz ondoren gertatu diren araudi aldaketek eta teknologiaren garapen biziak jarritako erronka berriei aurre egiteko. Denbora horretan,
esparru publikoan datuen babeserako araudia betetzeari buruz kontzientzia hartzeko, prestakuntza emateko eta gainbegiratzeko ekimenak garatu ditu entitateak, eta zeregin horretan aitzindari izan da.
DBEAren lehendakariaren hitzaldia
DBEAren lehendakari Unai Aberasturi Gorriñok, bere hitzaldian, nabarmendu zuen garrantzi handikoa izan dela bi hamarkada hauetan egindako lana, eta berretsi zuen instituzioak konpromiso sendoa duela eskubide digitalen babesarekin. Adierazi zuenez, «gaur, sekula baino funtsezkoagoa da lanean jarraitzea gure gizarte digitalizatu honetan datu pertsonalen erabilera arduratsua eta etikoa bermatzeko».
Lehendakariaz gain, Eusko Jaurlaritzako Administrazio Digitalaren eta Zerbitzu Orokorretako sailburuorde Agustín Zubillaga ere hizlari izan zen; gainera, oroigarri bana eman zitzaien entitateak aurretik izan dituen zuzendariei, Iñaki Vicuñari, Iñaki Parienteri eta Margarita Uriari, alegia; haiek, euren aldetik, abagunea baliatu dute entitatearen iragana, oraina eta geroa goraipatzeko.
Hainbat instituzio egon ziren ekitaldian
Euskalduna Jauregiko atarian egin zen ekitaldi horretan, elkarren ondoan izan ziren euskal instituzioetako ordezkari ugari eta DBEAko langileak, laguntzaileak, sarituak, hedabideak eta abar.
Agintaritzen aldetik nabarmentzekoa da bertan izan zirela Eusko Legebiltzarreko lehendakari Bakartxo Tejeria, Ararteko Manuel Lezertua eta EUDELeko lehendakari Esther Apraiz. Datuen babesaren sektorea ere, gogo onez, ospakizun honen babesle izan zen, eta honako hauek bertaratu ziren: AEPDren aldetik zuzendaria, Lorenzo Cotino; APDCATeko zuzendaria, Meritxell Borrás, eta Gardentasunaren eta Datu Babesaren Andaluziako Kontseiluko zuzendaria, Jesús Jiménez; horiekin batera, euskal abokatu eta epaileen ordezkariak ere egon ziren, adibidez Bizkaiko Abokatuen Elkargo Ohoretsuko dekanoa, Maite Morillo.
Ospakizun horrekin, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzak bere ibilbidea gogora ekarri zuen, eta, hori ez ezik, euskal gizartearekin eta XXI. mendean pribatutasuna defendatzearekin duen konpromisoa berritu ere egin zuen.
Gala honetan, bidenabar, DBEAren Datu Pertsonalen Babeserako Sarien IX. edizioko sariak banatu ziren. Eta hala amaitu zen gala hunkigarri hori, hainbat emanaldi egon zirelarik ekitaldia girotzeko, besteak beste Kukai dantza-konpainiarena.