Datuak Babesteko Euskal Agintaritzak (DBEA) kanpaina bat abiarazi du bere sare sozialetan eta webgunean, adimen artifizialeko tresnekin informazio sentikorra partekatzeak dakartzan arriskuei buruz kontzientziatzeko, ChatGPT bezalako plataformetan funtzionalitate berriak iragarri ondoren; hala nola elkarrizketa erotikoak izateko aukera.
Egungo gizarteetan, sexualitatea, erotismoa eta harreman intimoak gizabanakoaren eremu pribatuaren parte dira, eremu publikotik argi eta garbi bereizten dena. Informazio hori tresna teknologiko batera eramateak, gai etikoak ez ezik, pribatutasunerako eta datuen babeserako arriskuak ere planteatzen ditu.
Osagai erotikoari buruzko eztabaida mediatikotik haratago, DBEAk korporazio handiek kudeatutako plataformekin datu pertsonalak partekatu aurretik hausnartzeko beharra azpimarratzen du. Sexu-orientazioa, ideologia, osasuna edo egoera ekonomikoa bezalako alderdiak bermerik gabe inoiz eman beharko ez litzatekeen informazioaren adibide dira.
Kanpaina joan den ostegunean hasi zen, azaroaren 13an, eta pribatutasuna babesteko gomendio praktikoak eskaintzen ditu:
- Partekatu foro publiko batean partekatuko zenukeena bakarrik.
- Informa zaitez plataformaren pribatutasun-politikari buruz.
- Konfiguratu behar bezala aplikazioa, eta ezabatu aldizka zure elkarrizketak.
- Nabigatu ingurune seguruetan, eta saihestu babesik gabeko sare publikoak.
- Erabili zure eskubideak kontrol-agintarien aurrean, beharrezkotzat jotzen baduzu.
Unai Aberasturi Gorriño DBEAko presidenteak honako hau azpimarratu du:
"Adimen Artifizialak aspaldi utzi zion tresna asistentzial hutas izateari, eta esperientziak partekatzeko, elkarrizketak hasteko edo gizarteratzeko giza interakziorako gune bihurtu da. AArekin eduki erotikoko elkarrizketak izateko aukerak eztabaida sortzen du gizartean haren erabileraren mugei buruz, baina puntu garrantzitsuenetako bat da erabilera posible horrek nola eragingo liokeen erabiltzaileen pribatutasunari. Ezin dugu gure nortasuna askatasunez garatu gure datuekin gertatzen dena kontrolatzen ez badugu."
Ekimen honen bidez, DBEAk datuen babesaren garrantziari buruzko herritarren kontzientzia indartu nahi du, teknologiak erregulazioak baino azkarrago aurrera egiten duen testuinguru batean.