Konpartitu

Pribatutasuna Adimen Artifizialaren aroan: gogoeta batzuk, chatboten erabilera erotikoa dela eta

Argitalpen-data: 

Datuak Babesteko Euskal Agintaritza

Aspaldidanik, Adimen Artifizialak laguntza hutserako tresna izateari utzi dio, eta giza elkarreragineko gune bihurtu da, esperientziak konpartitzeko, elkarrizketak izateko edo sozializatzeko. Azken asteotan argitaratu den albiste batek dioenez, OpenAI-k bidea emango du ChatGPT-k eduki erotikoa duten elkarrizketetan parte har dezan. AAren erotizazioari buruz aspalditik eztabaidatu da, eta, orain, gizartean eztabaida bizia hasi da Adimen Artifizialaren erabileraren mugei buruz. Eztabaida horrek zenbait puntu dauzka, eta, gizarte gisa, gogoeta egin beharko litzateke horiei buruz. Punturik garrantzitsuenetako bat da, zalantzarik gabe, Chat GPT-k izan dezakeen erabilera horrek zein eragin izango lukeen erabiltzaileen pribatutasunean.

Datuak Babesteko Euskal Agintaritzak (DBEA) azpimarratu du une honetan garrantzitsua dela pertsonen pribatutasuna babestea, euskal gizartea inoiz baino digitalizatuago baitago. Ez da ahaztu behar gauza bat: ingurune digitalean, gure datuekin zer gertatzen den kontrolatzen ez badugu, ezin izango dugu gure nortasuna askatasunez garatu. Bada, plataforma horiek eduki erotikoko elkarrizketak izateko gaitzen diren unetik, tresna horri datu pertsonalak emateko arriskua sortzen da, datu horiek hirugarrenek erabili ahal dituzte eta.

Lehenengoz, chatbotarekin eduki erotikoko elkarrizketak eduki ahal izateko beharrezkoa izango delako norbera heldua dela egiaztatzea. Eta, ziurrenik, egiaztapen-sistema horrek datu pertsonalak emateko eskatuko du, baita datu biometrikoak ere, agian. Adina egiaztatzeko sistema batzuek bermeak ematen dituzte, eta, gainera, ez dute datu pertsonalik eskatzen. Hala ere, kasu horretan, litekeena da erabiltzaileok, AArekin eduki intimoak dauzkaten elkarrizketak edukitzeko, tresna horri geure buruaren gaineko datuak eman behar izatea. Hori hala izanez gero, datu horiek eduki intimoa duten elkarrizketa jakin batzuekin lotu ahal izateak atea irekitzen du elkarrizketa horrekin zerikusirik izan ez duten hirugarrenek irispidean izateko erabiltzaileen informazio sentsible eta pertsonala, datuak iragaziko balira.

Bigarrenez, kontuan izan behar da halako tresnak erabiltzen direnean hatz-markak ez direla anonimoak. Erabiltzailearen identitatea, IP helbidea, elkarreraginen historia, metadatuak, elkarrizketa-ereduak, elkarrizketen edukia… bildu ahal dira, baita hainbat helburutarako erabili ere, adibidez profilak egiteko edo teknologia entrenatzeko. Elkarrizketek eduki intimoa dutenean, inguruabar horrek kutsu berezia hartzen du.

DBEAk arreta jartzen du beharrizan batean; alegia, teknologiaren garapena modu etiko eta arduratsu batean egin behar dela, betiere giza duintasuna errespetatuz. Horretarako, tresna teknologikoek gardentasun osoz jardun beharko dute, adierazi beharko dute zein datu tratatuko dituzten eta zertarako, eta pertsonen eskubideak errespetatu beharko dituzte. Gizarte digitalizatu bat eraikitzean demokrazia aintzat hartuko badugu, pribatutasuna babestu beharko da beti-beti, eta areago teknologia disruptiboak erabiltzen direnean, halakoa baita Adimen Artifiziala.

Unai Aberasturi Gorriño

Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren lehendakaria