Datuak Babesteko Euskal Agintaritzak (DBEA) bat egin du Global Privacy Assembly (GPA) erakundeak bultzatutako adierazpen bateratu batekin. Adierazpen horretan, 30 herrialde baino gehiagotako datuak babesteko agintariek ohartarazi dute irudiak eta bideoak sortzen dituen Adimen Artifizialak pribatutasunerako eta oinarrizko beste eskubide batzuetarako izan ditzakeen arriskuei buruz.
Guztira, mundu osoko datuak babesteko eta pribatutasuneko 61 agintarik sinatu dute dokumentu hau, GPAren International Enforcement Cooperation Working Group (IEWG) erakundeak koordinatuta. Adierazpenak kezka azaltzen du pertsona identifikagarrien irudi eta bideo errealistak sortzeko gai diren IA sistemen erabileragatik, pertsona horien jakinaren edo baimenaren gabe.
IAk onura handiak eskaintzen dizkio gizarteari hainbat arlotan, baina agintariek ohartarazi dute erabilera desegoki batek larriki urra ditzakeela pertsonen eskubideak. Bereziki, pertsona baten irudiak manipulatzeak edo sortzeak berekin dakarren arriskuaz ohartarazten dute, haren baimenik gabe, difamatzeko, iraintzeko edo baimenik gabeko eduki intimoa sortzeko. Praktika horiek bereziki kezkagarriak dira haurrei eta beste kolektibo ahulei eragiten dietenean, ziberjazarpen eta esplotazio egoeren eraginpean egon baitaitezke.
Adierazpenak gogorarazten du IA bidez edukiak sortzeko sistemak garatzen edo erabiltzen dituzten erakunde guztiek bete behar dutela datuen babesaren eta pribatutasunaren arloan indarrean dagoen araudia. Herrialde askotan, irudi intimoak baimenik gabe sortzea eta zabaltzea delitua da.
Horregatik, agintari sinatzaileek erakundeei eskatzen diete gardentasun, segurtasun eta adin-egiaztapeneko neurriak har ditzatela, bai eta mekanismo irisgarriak ere, pertsonei aukera eman diezaieten eragiten dieten eduki kaltegarriak azkar kentzeko eskatzeko. Halaber, sistema horien diseinutik babes sendoak eranstea eskatzen dute, erabilera desegokiak saihesteko.
Gainera, agintariek konpromisoa hartu dute nazioarteko lankidetza indartzeko eta teknologia horrek planteatzen dituen erronken aurrean beren erregulazio- eta gainbegiratze-ikuspegiei buruzko informazioa trukatzeko.
Helburua da IA sortzailea modu arduratsuan garatzea, pribatutasuna, duintasuna, segurtasuna eta beste oinarrizko eskubide batzuk bermatuz, arreta berezia jarriz pertsona ahulenen babesean.