Konpartitu

Datuak Babesteko Euskal Agintaritzak dekalogo bat egiten parte hartzen du hezkuntza-plataformetan datuen babesa bermatzeko

Argitalpen-data: 

Datuak Babesteko Euskal Agintaritza

Datuak Babesteko Euskal Agintaritzak (DBEA) parte hartu du, Datuak Babesteko Espainiako Agentziarekin, Datuak Babesteko Kataluniako Agintaritzarekin eta Andaluziako Gardentasunerako eta Datuak Babesteko Kontseiluarekin batera, hezkuntza-plataforma digitalak kontratatzeko eta erabiltzeko oinarrizko printzipioak ezartzen dituen dekalogo (PDF, 1 MB) bat egiten.

Dokumentuak erantzuten dio hezkuntza-arloan gero eta tresna digital gehiago erabiltzeari, eta datuak babesteko berme guztiekin erabiliko direla bermatzeko beharrari.

Plataforma horiek hezkuntza-esperientzia hobetzeko aukera ematen dute, ikasleen, irakasleen eta familien arteko komunikazioa eta lankidetza-lana erraztuz. Hala ere, datu pertsonalen bolumen handiak tratatzea ere badakarte, horietako asko adingabeei dagozkienak, eta horrek babes-maila berezia eskatzen du.

Gainera, DBEBk gogorarazi du plataforma horiek erabiltzea ez dela hautazkoa, baizik eta hezkuntza-jardueraren parte dela, eta horrek are garrantzitsuagoa egiten duela erabiltzaileen eskubideekiko errespetua ziurtatzea.

Erabilera arduratsurako dekalogoa

Dokumentu horretan, hezkuntza-administrazioek, zentroek eta enpresa hornitzaileek kontuan hartu beharreko funtsezko hamar printzipio zehazten dira:

  1. Datu pertsonalen tratamenduan eskubideak eta askatasunak errespetatzea.
  2. Tratamenduaren erantzukizuna argi zehaztea, eragile bakoitzaren rolak definituz.
  3. Tratamendua legitimatzea eta helburuak mugatzea, datuak hezkuntza-xedeetarako bakarrik erabiltzen direla ziurtatuz.
  4. Datuak babesteko inpaktuaren ebaluazioa eta datuak babesteko ordezkariaren parte-hartzea.
  5. Gardentasuna eta erabiltzaileei beren datuen erabilerari buruzko informazioa ematea.
  6. Balizko azpiarduradunen tratamendu eta kontrolerako enkarguaren kontratua.
  7. Nazioarteko datu-transferentzietako bermeak, datu-transferentzia horiek egiten direnean.
  8. Datuen babesa diseinutik eta lehenespenez, plataformen garapenean pribatutasuna txertatuz.
  9. Informazioaren segurtasuna, neurri tekniko eta antolaketa-neurri egokiak aplikatuz.
  10. Pertsonen eskubideak bermatzea, eskubide horiek benetan erabili ahal izatea erraztuz.

Ikuspegi prebentiboa

Ekimen horren bidez, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzak, gainerako kontrol-agintaritzekin batera, arriskuei aurrea hartzeko eta hezkuntzaren esparruan ingurune digital segurua bermatzeko aukera emango duen prebentziozko ikuspegi baten alde egiten du.

Helburua da inplikatutako eragile guztiak —administrazioak, ikastetxeak eta enpresa teknologikoak— beren arduren jakitun izatea eta datu pertsonalak babesteko neurri proaktiboak hartzea, batez ere adingabeen kasuan.