Konpartitu

Lehendakaria eta DBEAko Presidentearen arteko bilera

Argitalpen-data: 

Imanol Pradales Lehendakariak Unai Aberasturi, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren presidentea, martxoaren 6an hartu zuen.

Datuak Babesteko Euskal Agintaritza

Imanol Pradales Lehendakariak martxoaren 6an Lehendakaritzan hartu zuen Unai Aberasturi, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren (DBEA) presidentea, topaketa instituzional batean. Bertan, gizartearen egungo eraldaketa digitalaren prozesuan pribatutasunak eta datuen babesak duten eginkizuna izan zituzten hizpide.

Bileran azpimarratu zen pribatutasunaren inguruko eztabaida ez dela soilik auzi teknikoa, baizik eta pertsonen oinarrizko eskubideen babesarekin zuzenean lotuta dagoela. Ildo horretan, bi aldeek bat egin zuten digitalizazioarekin lotutako politika publikoen erdigunean eskubide horiek kokatzeko beharrean.

Egungo testuinguru soziopolitikoan, aldaketa azkarrak eta teknologia digitalek bizitzako esparru guztietan duten presentzia gero eta handiagoak ezaugarrituta, euskal gizartearen digitalizazioa garatzeko moduari buruzko ikuspegi propioa ematearen garrantzia nabarmendu zen, betiere pribatutasunarekiko eta herritarren eskubideekiko errespetua bermatuz.

Era berean, nabarmendu zen garrantzitsua dela euskal gizartea pribatutasunaren eta datuen babesaren garrantziaz kontzientziatzen jarraitzea, funtsezko elementua baita etorkizun digitala eraikitzeko, non pertsonen eskubideak erdigunean egongo diren.

Testuinguru horretan, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzak, agintaritza independente gisa, euskal gizartearen digitalizazio arduratsua sustatzen jarraituko du —administrazio publikoekin lankidetzan—, datu pertsonalen babeserako oinarrizko eskubidearen errespetua eta benetako bermea bultzatuz.

Bileraren amaieran, Unai Aberasturik eskerrak eman zizkion Imanol Pradales Lehendakariari, eraldaketa digitalak planteatzen dituen erronkei buruzko hausnarketa hau hartzeagatik eta partekatzeko aukera emateagatik. Halaber, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzak herritarren eskubideen defentsarekin eta euskal gizartean pribatutasunaren kultura bultzatzearekin duen konpromisoa berretsi zuen.