Atzipen eskubidea
Zer da?
Datuak atzitzeko eskubidea da interesdunak duen eskubide bat tratamenduaren arduradunarengana jo ahal izateko eta jakiteko ea bere datu pertsonalak tratatzen ari diren ala ez. Erantzuna baietz bada, datuak tratatzen ari direla, orduan honako informazioa eskuratzeko eskubidea izango du interesdunak:
- Tratatzen ari diren datu pertsonalen kopia.
- Tratamenduaren helburuak.
- Kasuan kasuko datu pertsonalen kategoriak.
- Datu pertsonalak zein hartzaileri edo zein hartzaile-kategoriari komunikatu zaizkion edo komunikatuko zaizkion, bereziki hirugarren herrialde bateko hartzaileak edo nazioarteko erakundeak badira.
- Datu pertsonalak noiz arte kontserbatuko diren edo, hori ezinezkoa bada, epe hori zehazteko zer irizpide erabiliko diren.
- Interesdunak eskubidea izango du arduradunari honakoak eskatzeko: berari buruzko datu pertsonalak zuzentzeko edo ezerezteko, datuen tratamendua mugatzeko edo tratamenduari aurka egiteko.
- Eskubidea izango du kontrol-agintaritza batean erreklamazio bat aurkezteko.
- Datu pertsonalak interesdunarengandik jaso ez direnean, haien jatorriari buruzko edozein informazio eskuratzeko eskubidea izango du.
- Ea erabaki automatizaturik dagoen ala ez, profilak egitea barne, eta, halakorik baldin badago, kasu horietan behinik behin, erabilitako logikaren gaineko informazio esanguratsua emango da eta interesdunarentzat tratamendu horrek duen garrantzia eta izan ditzakeen ondorioak.
- Datu pertsonalak hirugarren herrialde batera edo nazioarteko erakunde batera transferitzen direnean, interesdunak eskubidea izango du transferentzia horren berme egokiez informazioa jasotzeko.
Atzipen eskubidea erabiltzea
- Atzipen eskubidea sei hilabetetik beherakoak ez diren denbora tarteetan bakarrik erabil daiteke. Bestela, arrazoi legitimoren bat egon beharko da.
- Kasu guztietan, tratamenduaren arduradunak eskatzaileari jakinarazi beharko dio eskubidea duela Datuak Babesteko Euskal Agintaritzari edo dagokion kontrol agintaritzari babesa eskatzeko.
ATZIPEN ESKUBIDEA baliatzeko eredua (ODT, 16 KB)
Eredu hau erabiliko da atzipen eskubidea baliatu nahi bada.
NANaren fotokopia aurkeztu beharko da edo zuzenbideak baliokotzat jotzen duen eta identifikazioa egiaztatzen duen beste dokumentu baten fotokopia. Ordezkari baten bidez aurkeztu nahi bada, ordezkaritza duen pertsonaren NANa eta ordezkaritza egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko dira.
Atzipen eskubidea sei hilabetetik beherakoak ez diren denbora tarteetan bakarrik erabil daiteke. Bestela, arrazoi legitimoren bat egon beharko da.
Eskatzaileak zuzenean jo behar du ustez edo seguru bere datuak dituen organora eta eskabidea hari aurkeztu; dena delako organoak gehienez hilabeteko epean erantzun beharko dio, arrazoitutako luzapenik ezean.
Eskubidea ez badute aintzat hartu edo eskabideari ez badiote erantzun epe barruan, erreklamazioa aurkeztu ahal izango da Datuak Babesteko Euskal Agintaritzan, honako agiriak aurkeztuta:
- Tratamenduaren organo arduradunari aurkeztutako eskubidea baliatzeko eskabidearen kopia zigilatua.
- Eta, hala badagokio, organo horren erantzunaren kopia.
Atzipen eskubideak ez du zer ikusirik Gardentasunari, informazioa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legeak arautzen duen informazio publikoa eskuratzeko eskubidearekin, independientea baita. Era berean, ez du zer ikusirik Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 53. artikuluan xedatuta dagoen interesdunen eskubidea dioena edozein unetan jakin dezaketela prozeduren izapideak zertan diren, eta prozedura horietako agirien kopiak lor ditzaketela.
Atzipen eskubidea babestea
Uste baduzu ez dizutela aintzat hartu atzipen eskubidea, BABESA eskatu ahal izango diozu Datuak Babesteko Euskal Agintaritzari edo kasu bakoitzean dagokion kontrol agintaritzari.
Datuak Babesteko Euskal Agintaritzan BABES erreklamazioa eskatzeko eredua (ODT, 23 KB)
Ezarpen arauak
- 2016/679 (EB)Erregelamendua, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27koa. (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra) (15. artikulua)
- Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa (13. artikulua) (Gaztelaniaz)
- Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legea (8. artikulua)
- Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legea garatzen duen urriaren 18ko 308/2005 Dekretua (6, 7 eta 8. artikuluak)













