Adimen artifizial
EBko Adimen Artifizialaren Erregelamendua munduko lehen lege integrala da adimen artifizialaren arloan. Osasunerako, segurtasunerako eta oinarrizko eskubideetarako arriskuak tratatzea du helburu. Erregelamenduak demokrazia, zuzenbide-estatua eta ingurumena ere babesten ditu.
Adimen artifizialeko sistemak ezartzeak onura sozial handiak ekar ditzake, hazkunde ekonomikoa sustatu eta EBko berrikuntza eta mundu mailako lehiakortasuna hobetu. Hala ere, kasu batzuetan, adimen artifizialeko sistema jakin batzuen ezaugarri espezifikoek segurtasunarekin eta oinarrizko eskubideekin lotutako arrisku berriak eragin ditzakete.
Horrek segurtasun juridikorik eza sortzen du, eta agintari publikoek, enpresek eta herritarrek adimen artifizialeko teknologiak motelago onartzen dituzte, konfiantzarik eza dela eta. Erronka horiei aurre egiteko, beharrezkoa da aurrerapen teknologikoa eta pertsonen eskubideen errespetua bermatuko dituen legeria bat.
EBren barruko zein kanpoko erakunde publiko zein pribatuei eragiten die, adimen artifizialaren sistema Batasunaren merkatuan sartzen den neurrian edo haren erabilerak Batasunean finkatutako pertsonei eragiten dien neurrian.
Obligazioek hornitzaileei (adibidez, aurkeztutako curriculumak ebaluatzen dituen aplikazio baten programatzaile bat) eta arrisku handiko adimen artifizialeko sistemen erabiltzaileei (adibidez, aplikazio hori erosten duen banku bat) eragin diezaiekete.
Erregelamenduan badira salbuespen batzuk. Adimen artifizialeko sistema bat merkaturatu aurretik egiten diren prototipoak ikertzeko, garatzeko eta sortzeko jarduerak ez daude arau horien mende. Gainera, helburu militarretarako, defentsarako edo segurtasun nazionalerako diseinatutako adimen artifizialeko sistemak ere salbuetsita daude.













