Bideozaintza
Jabeen erkidegoetan bideokamerak instalatzeko, aurretiaz jabeen batzarraren akordioa beharrezkoa izango da.
Jabeen erkidegoan, kamerak guztientzako eremuetan soilik instalatu ahalko dira, eta ezingo da bide publikoko irudirik atzitu, higiezinerako sarbideen zati txiki-txiki bat kenduta.
Lur eta etxebizitza mugakideen irudiak edo jabeen erkidegokoa ez den beste edozein eremutako irudiak ere ezingo dira atzitu.
Bestalde, honako hau bereziki kontuan hartu beharko da:
- Bideoz zaindutako eremurako sarbideetan, erraz ikusteko moduko leku batean kartel bat edo batzuk instalatuko dira, jendeari jakinarazteko bideoz zaindutako eremu batean sartzen ari dela.
- Kartelak argi adieraziko du datuen tratamendua dagoela; halaber, arduraduna nor den adieraziko da, eta azalduko da Erregelamendu Orokorraren 15.etik 22.era bitarteko artikuluetako (EUS-ES) eskubideak egikaritzeko aukera dagoela. Gainera, datu pertsonalen tratamenduari buruzko informazio gehiago non eskuratu ahal den adieraziko da.
- Irudietara irispidea izango dute jabeen erkidegoak izendatutako pertsonek soilik. Bizilagunek ez dute inola ere irispiderik izango telebista-kanal komunitarioak erabiliz. Irudiak Interneterako konexio baten bitartez eskuratzen badira, erabiltzaile-kode baten eta pasahitz baten bitartez murriztuko da sarbidea (edo identifikazioa edo autentifikazio unibokoa egitea ahalbideratzen duen beste bitartekoren bat erabiliz). Erabiltzaile-kode eta pasahitz horiek irudietara irispidea izateko baimenduta dauden pertsonek soilik jakingo dituzte. Sistema instalatu ostean, pasahitza aldian-aldian aldatzea eta, ahal dela, erraz asma daitezkeen pasahitzak saihestea gomendatzen da.
- Erregelamendu Orokorraren 13. artikuluan eskatzen den gainerako informazioa ukituen esku jarriko da. Informazioa atezaintzan, harrera-gunean, bulegoetan eta iragarki-oholean jarri ahalko da, edo bestela, Internet bidez eskuratu ahalko da.
- Kanpoko bideozaintza-zerbitzu bat kontratatzeak edo hirugarren batek kamerak instalatzeak ez du esan nahi erkidegoak datuak babesteko legeria bete behar ez duenik.
Bideo-atezainak erabiltzen badira soilik txirrina jo duen pertsona nor den egiaztatzeko eta hari etxebizitzarako sarbidea emateko, datuak babesteko araudia ez da aplikatuko, tratamendua etxeko eremuan egiten delako.
Hala ere, zerbitzua irudiak etenik gabe erreproduzitzen eta/edo grabatzen dituzten prozeduren bitartez egituratzen bada, eta bereziki irudietan patioa eta/edo bide publiko mugakidea agertzen bada, edo eraikin baten atarian gertatzen diren egoeren irudiak grabatzen badira, osorik aplikatuko dira Erregelamendu Orokorra (EUS-ES) eta 3/2018 Lege Organikoa (EUS-ES), jarduera horiek eremu pertsonaletik eta etxeko eremutik harago doazelako.
Hasieran, eta lehenago bideo-atezainei buruz azaldu dugun kasuan gertatzen den bezala, behatxulo digitalen erabilera datuak babesteko araudiaren aplikazio-eremutik kanpo geratuko litzateke etxeko tratamenduaren salbuespena aplikatuta, baldin eta txirrina jo duen pertsona nor den egiaztatzeko eta hari etxebizitzarako sarbidea emateko soilik erabiltzen badira. Hala ere, mota horretako behatxuloek irudiak erreproduzitzen eta/edo grabatzen badituzte, osorik aplikatuko da datuak babesteko araudia, eta kasu horretan:
Behatxulo hori instalatzeko, guztientzako eremuak (erkidegoko korridorea) agerian daudenez, jabeen batzarraren akordioa beharrezkoa izango da, eta gai hori aktan jasota geratuko da. Komenigarria litzateke akta horretan jasota geratzea zein diren sistema horren ezaugarriak eta zein eremu ikusten den sistema horren bitartez.
Irudiak helburu legitimoetarako grabatu beharko dira (Erregelamendu Orokorraren 6.artikulua) (EUS-ES).
Halaber, bideoz zaindutako eremurako sarbideetan erraz ikusteko moduko leku batean kartel bat edo batzuk instalatuko dira, jendeari jakinarazteko bideoz zaindutako eremu batean sartzen ari dela, behatxuloak irudiak eta grabazioak atzitzen dituelako etxearen ate aurrean mugimendua detektatuz gero. Kartelak argi adieraziko du eremua bideoz zainduta dagoela; halaber, arduraduna nor den adieraziko da, eta azalduko da noren aurrean egikaritu ahal diren datuak babesteko araudian onartutako eskubideak, edo nora jo behar den horretarako.
Irudi horiek gehienez hilabeteko epean gordeko dira atzitzen direnetik, eta Segurtasun Indar eta Kidegoei edo Epaitegi eta Auzitegiei emateko gorde ahalko dira, hala eskatzen badute, baina ezingo dira beste ezertarako ere erabili.
Erregelamendu Orokorra (EUS-ES) eta 3/2018 Lege Organikoa (EUS-ES) aplikatzen dira pertsona fisikoen datu pertsonalen tratamendua egiten denean. Itxurazko kameren kasuan, beraz, ez dago tratamendurik, eta hori ez dago datuak babesteko araudiaren mendean; dena dela, baliteke pertsonen beste eskubide batzuk ukitzea (Auzitegi Gorenaren azaroaren 7ko 3505/2019 epaia (ES).
Dena den, benetako kamerak instalatu arren aktibatzen ez badira, bai, datuak babesteko araudia aplikatu beharko litzateke.
Hedabideetan irudiak argitaratzen direnean Espainiako Konstituzioaren 20. artikuluan jasota dagoen informazio-eskubidea egikaritzen da.
Partikular baten ustez norberaren ohorerako eta norberaren nahiz senitartekoen intimitaterako eta norberaren irudirako eskubidea -Espainiako Konstituzioaren 18. artikuluan bermatuta dagoen hori- urratu bada legez kontrako esku-sartzea egin delako, bide judizialera jo beharko luke, maiatzaren 5eko 1/1982 Lege Organikoaren (ES), Ohorerako, Norberaren eta Familiaren Intimitaterako, eta Norberaren Irudirako Eskubidearen Babes Zibilari buruzkoaren 9. artikuluan jasota dagoenaren babesean.
Halaber, kontuan hartu behar da honako hau, 1/1982 Lege Organikoaren 8.2 c) (ES) artikuluaren arabera: "norberaren irudirako eskubideak ez du eragotziko gertaera edo jazoera publiko baten gaineko informazio grafikoa, pertsona jakin baten irudia bigarren mailako gisa agertzen denean". Beraz, informazio grafikoa, kazetaritza-informazio baten osagarri gisa erabiliz gero, ez da legez kontrako esku-sartzetzat joko.













