Gardentasuna administrazio publikoetan
Abenduaren 9ko 19/2013 Legeak, Gardentasunari, Informazio Publikoa eskuratzeko Bideari eta Gobernu Onari buruzkoak, pertsona orok informazio publikoa eskuratzeko eskubidea duela ezartzen du.
Informazio publiko dira Administrazio edo Instituzio Publikoen esku dauden eduki edo dokumentuak, haiek beren funtzioen jardunean egin edo eskuratu dituztenak, edozein formatu edo euskarritan daudela ere.
19/2013 Legearen arabera, Administrazio edo Instituzio Publikoek arlo juridikoari eta ekonomia-arloari buruzko informazioa argitaratu behar dute.
Hala ere, eginbehar horretarako muga batzuk daude, informazioaren izaera kontuan hartuta (Legeak berak 14. artikuluan zerrendatzen dituen gai batzuekin zerikusia badu) edo izaera pertsonaleko datuen babesaren zioz. Horrenbestez, informazioak bereziki babestutako datuak baditu, datu horiek bereizten direnean soilik argitaratuko da.
Eskatutako informazioan datu pertsonalak jasotzen badira, datuak babesteko eskubidea gailentzen da ala informazioa eman behar da?
Kasu honetan, honako hau izan behar da kontuan:
- Eskatutako datuak ideologiari, sindikatu-afiliazioari, erlijioari edo sinesmenei buruzkoak badira, informazio hori eskuratzea baimendu ahalko da ukitutako pertsonaren berariazko baimen idatzia izanez gero, salbu eta pertsona horrek nabarmen eman baditu aditzera datuok, beroriek eskuratzea eskatu baino lehen.
- Datuak arrazari, osasunari edo bizimodu sexualari buruzkoak badira, datu genetiko edo biometrikoak edo arau-hausleari ohartarazpen publikorik ez dakarkioten arau-hauste penal edo administratiboei buruzko datuak badira, informazio hori eskuratzeko nahitaezkoa izango da ukituaren berariazko adostasuna edukitzea edo legeren baten babesa izatea.
- Oro har, organoaren antolamendu, funtzionamendu edo jarduera publikoari buruzko identifikazio-datu hutsak badira, eta salbu eta datu pertsonalen babesa edo Konstituzioak babestutako beste eskubideren bat gailentzen bada, informazioa eskuratzeko baimena emango da.
- Datuak bereziki babestuta ez badaude, aldez aurretik ponderatu beharko da informazioa hedatzeko interes publikoa, baita pertsonen eskubideak ere.
Aurreko puntuak ez dira aplikatu beharko baldin eta informazioa disoziatuta ematen bada, hau da, ukitutako pertsonak identifikatzea eragozten bada.













