Nor gara

Datuak Babesteko Euskal Agintaritza (DBEA) kontrol-agintaritza independentea da, nortasun juridiko propioarekin eta erabateko gaitasun publiko eta pribatuarekin sortua. Administrazio publikoekiko inongo loturarik gabe betetzen ditu bere eginkizunak, eta euskal sektore publikoa osatzen duten administrazio eta instituzioek euren eginkizunak egikaritzean datu pertsonalen tratamendu egokia egin dezatela zaintzen du. Gainera, tratamendua egiten denean administrazio publikoen edo edozein eratako zuzeneko zein zeharkako kudeaketaren bidez zerbitzuak ematen dituzten zuzenbide pribatuko entitateen eskumeneko gaietako eginkizun publikoak egikaritzeko, pertsona fisikoek edo juridikoek datu pertsonalak nola erabiltzen dituzten kontrolatzen eta gainbegiratzen du.

DBEAk datu pertsonalen babesarekin zerikusia duten kontsultei erantzuten die, eta zabalkunde- eta prestakuntza-jardueretan parte hartzen du arlo hori eraentzen duen araudian onartutako eskubideak ezagutzera emateko, pribatutasunaren balioari buruzko kontzientzia publikoa areagotzeko eta euskal administrazio publikoek beren eguneroko jardunean pribatutasun hori errespeta dezatela sustatzeko.

Kontsultak artatzeko, DBEAk hainbat komunikazio-kanal dauka, bere eginkizunak betetzeko.

DBEAk, halaber, pertsonen eskubideak babesten ditu, datu pertsonalen babeserako araudian eskubide horiek onartzen baitira. Prozedurak agintzen duenez, interesdunak, erreklamazio bat jarri aurretik, bere datuen tratamenduaren arduradunarengana jo behar du bere eskubideak egikaritzeko. Ezarritako epean (hilabete bat) ez badu erantzunik jasotzen, edo erantzunarekin ados ez badago, interesdunak erreklamazioa jar dezake DBEAn.

Agintaritzaren izaera eta araubide juridikoa

Datuak Babesteko Euskal Agintaritza zuzenbide publikoko entea da, nortasun juridikoa propioa eta gaitasun publiko eta pribatu erabatekoa dituena. Herri-administrazioekiko inongo loturarik gabe beteko ditu bere eginkizunak.

Datuak Babesteko Euskal Agintaritzak, administrazio ahalak egikaritzen dituenean, honako arauen arabera jarduten du: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena eta 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena. Gainerako arloetan, bere jarduera abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzekoan, abenduaren 21eko 16/2023 Legean, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzarenean, lege horiek garatzeko xedapenetan eta martxoaren 16ko 1/2023 Legean, Euskal Administrazio Publikoen zehatzeko ahalari buruzkoan xedatuta dagoenaren mendean egongo da.

Ondarerik eskuratzeko edo ezer kontratatzeko, indarrean dagoen zuzenbide publikoa bete beharko du Datuak Babesteko Euskal Bulegoak. Bulegoaren ondasun eta eskubideak Euskal Autonomia Erkidegoaren ondarekoak izango dira.

Orrialde hau partekatu