Plan Estrategikoa
Azken hamarkadetan ezin konta ahala aldiz errepikatu da gaur egungo gizartea zeharo digitalizatuta egonik datuak babesteko eskubidea behar bezala babestea berebiziko eragilea dela pertsonek euren nortasuna askatasunez garatu ahal izan dezaten. Beraz, ez dago zertan azpimarratu eskubide horren garrantzia.
Euskadin, urteen joan-etorrian, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzak funtsezko zeregina izan du datuak babesteko eskubidea sendotzen. 2/2004 Legearen, Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa sortzeari buruzkoaren bidez sortu ondoren, zalantzarik gabe DBEAk eginkizun garrantzitsuak bete ditu sektore publikoaren digitalizazio-prozesuan lagun gisa, esparru publikoan datuak tratatzeko moduari buruz interpretazio irmoa taxutu baitu apurka, baita arauak behar bezain zehatzak ez zirenean ere.
Datuak babesteko arau orokor berriak onartu dira, bai Europan, bai estatuan. Orduz geroztik, DBEAren zeregina funtsezkoa izan da ente publikoei arau horiek aplikatzeko orientabidea ematean eta arau horiek bete daitezela kontrolatzean. Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren lana aipagarria izan da, kontuan hartuz gero arau-esparru berriak datuen babesa ulertzeko modu berria ekarri duela; izan ere, eginbehar berriak sortu ditu (Tratamendu Jardueren Erregistroak, Datuak Babesteko Ordezkariak…), baita eskubide berriak ere, lehen existitzen ez zirenak edo arauetan berariaz aintzatesten ez zirenak (ahaztua izateko eskubidea, kasu).
Orain arte egindako lana abiapuntu harturik, Agintaritzak helmuga gisa egoera bat jartzen du zeinean pertsonak konturatzen baitira datuak babesteko eskubidearen garrantziaz. Egoera horretan, halaber, ente publikoek jardunbide onak garatzen dituzte datu pertsonalen tratamenduan, eta herritarren artean konfiantza sortzen dute; pertsonen eskubideak errespetatzen dira, eta ente publikoen eraldaketa digitala ahalik eta berme guztiekin egiten da.
Plan Estrategikoa herritarrak nagusiki jomuga dituen tresna da. Eta herritarrez gain, DBEAk kontrolatzen dituen enteak eta DBEAn bertan lan egiten duten pertsonak ere ditu xede Plan Estrategikoak. Herritarrak, datuak babesteko eskubidearen –Agintaritzak zaindu behar duen eskubide horren– titularrak direlako. Euskal sektore publikoa osatzen duten enteak, Agintaritzaren kontrol- eta prebentzio-eginkizunen mendean dauden subjektuak direlako. Plan honetan DBEAren ekintza-bide nagusiak egituratu nahi dira, batez ere herritarrak eskubide horren garrantziari buruz sentsibiliza daitezen, eta herritarrek jakin dezaten zein tresna dauden eskura beren datuekin egiten dena modu aktiboan kontrolatu ahal izateko. Planean, gainera, Agintaritzaren jarduera gidatzen duten lau ardatz nagusiak jasotzen dira: proaktibotasuna, gardentasuna, esparru juridiko berriari egokitzeko beharrizana; eta, gaur egungo egoeran kontu handiz jorratzekoak diren esparru batzuetan egin beharreko jarduera.














