Konpartitu

Datuak Babesteko Ordezkariari buruz

Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorrak (DBEO) ezartzen duenez, datuak babesteko ordezkaria (DBO) funtsezkoa da araudia betetzeko. Eginkizun hori behar bezala betetzeko, DBOak sakon ezagutu behar du Zuzenbidea, baita datuen babesaren arloko jardunbidea ere.

DBEOren 38. eta 39. artikuluetan eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren (DPBEDBLO) 36. eta 37. artikuluetan ezartzen dira DBOaren kokagunea eta eginkizunak.

Haren eginkizun nagusietako batzuk hauek dira: tratamenduaren arduradunari eta eragileari informazioa eta aholkularitza ematea, DBEOren arabera dauzkaten eginbeharrei buruz, eta DBEOn xedatuta dagoena betetzen dela gainbegiratzea. Eginkizun horiek independentzia osoz bete behar dituzte. Gainera, DBOak Datuak Babesteko Euskal Agintaritzarekiko harremanetarako gune moduan jardun behar du.

DBEOren 37. artikuluak ezartzen duenez, «Agintaritza eta Erakunde publiko» guztiek izendatuko dute DBO bat, eta kontrol-agintaritzari jakinaraziko diote. Ondorioz, Eusko Legebiltzarraren abenduaren 21eko 16/2023 Legearen aplikazio-eremuan dauden administrazio publikoek, organismoek eta entitateek nahitaez izendatu behar dute DBOa, eta izendapena komunikatu behar diote Datuak Babesteko Euskal Agintaritzari (DBEA), hura delako Euskal Autonomia Erkidegoan datuak babesteko kontrol-agintaritza.

Halaber, DPBEDBLOren 34. artikuluan, xehetasunez azaltzen da zein kasutan dauden behartuta tratamenduaren arduradun eta eragileak, betiere, datuak babesteko ordezkari bat (DBO) izendatzera.

Lehenago azaldu diren entitateez gain, eskumen publikoak dauzkaten entitate pribatuek eta % 50etik gorako finantzaketa publikoa daukaten entitate pribatuek, baldin eta egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan badute, DBEAri komunikatu behar diote DBOa nor den.

DBEOk ez ditu zehazten izendapena egiteko betekizun formalak; baina, administrazio, organismo eta entitate publikoen esparruan, datuak babesteko ordezkaria administrazio-egintza bidez izendatu beharko da (akordioa, ebazpena, ...). Entitateak erabakiko du zein administrazio-egintza baliatu, egoeraren arabera.

DBEOren 37.7 artikuluaren arabera, «Tratamenduaren arduradunak edo eragileak datuak babesteko ordezkariaren harremanetarako datuak argitaratuko dituzte eta kontrol-agintaritzari jakinaraziko dizkiote». DBOaren harremanetarako informazioa entitatearen webgunean argitaratu behar da.

DBOa izendatu izana DBEAri komunikatu ahal dio izendatutako datuak babesteko ordezkariak berak nahiz tratamenduaren arduradunaren ordezkari batek, nahikoa den baimena badauka. DBOa izendatzeko dokumentua erantsi behar da.

Formulario horrek berak balio du, halaber, DBOaren baja komunikatzeko.

Lotura honen bitartez kontsultatu ahal duzu DBEAri komunikatutako DBOen zerrenda.

DBOa komunikatzeko formularioaArrow

Datuak Babesteko Euskal Bulegoari komunikatutako DBOen kontsultaArrow

Horri buruzko argibiderik behar izanez gero edo zalantzaren bat izanez gero, honen bidez jar zaitezkete gurekin harremanetan:

Posta elektronikoko helbidea: teknologia@avpd.eus

Telefono-zenbakia: 945 01 62 30