Egiaztatu zure kasua

Zuri laguntzeko eta zure erreklamazioak artatzeko gaude; dena dela, erreklamazioa aurkeztu baino lehen, gogoan izan gauza hauek:

Zertan gara eskudunak?

DBEA eskuduna da datu pertsonalen tratamenduekin zerikusia duten erreklamazioak kudeatzeko, baldin eta tratamendu horiek euskal sektore publikoko entitateek egin badituzte.

Halakoak dira, besteak beste, entitate hauek: udalak, foru-aldundiak, Eusko Jaurlaritza, Eusko Legebiltzarra, Batzar Nagusiak, Ararteko, euskal unibertsitateak. Eskudunak gara, halaber, entitate pribatu batek zerbitzu publikoak kudeatzen dituenean, euskal administrazio publikoek aginduta; adibidez, plaza publikoak dauzkan egoitza bat kudeatzen duen enpresa, udal batentzat kultur jarduerak antolatzen dituen elkartea edo itunpeko ikastetxe bat.

Hala ere, zure erreklamazioak zerikusia badu entitate pribatuekin, adibidez auzo-erkidego batekin, telefonia mugikorreko enpresa batekin, banku batekin, hortz klinika batekin edo sare sozialekin, beste kontrol-agintaritza batera jo behar duzu, Datuak Babesteko Espainiako Agentziara, alegia.

Zer dira datu pertsonalak eta tratamendua?

Datu pertsonal bat da pertsona bat identifikatzen duen edo hura identifikatzeko bidea ematen duen edozein informazio: zure izena, helbidea, telefono-zenbakia, osasunari buruzko datuak, ideologiari buruzkoak edo datu biometrikoak (adibidez, hatz-markak).

Tratamendua da datu horiekin egindako edozein ekintza, hala nola datuak biltzea, gordetzea, antolatzea, erabiltzea, konpartitzea edo ezabatzea.

Laburbilduta, datu pertsonalak dira zeu identifikatzen zaituen informazioa, eta tratamendua da informazio horrekin egiten dena.

Kontuan har ezazu datu pertsonalen babesean ez direla sartzen negozioen datuak edo enpresen datuak, etxeko esparrutik irteten ez diren tratamenduak (adibidez, senideen argazkiak, zabaltzen ez direnak) edo, salbuespen batzuekin, hildako pertsonen datuak.

Zer lortu ahal duzu erreklamazioarekin?

DBEAn egiten diren erreklamazioen ondorioak hauek izan daitezke: zeure datu pertsonalen tratamendu desegokia egin duen euskal entitate publikoari ohartarazpena egitea; hori berriro ez gertatzeko neurri zuzentzaileak ezartzea, adibidez, administrazio bati errekerimendua egitea, identifikazio-sistema bat ezar dezan, halako moduz non EPE bateko datu pertsonalak dauzkaten zerrendak ez baitira egongo irekian argitaratuta; edo artatu ez den edo ukatu den eskubide bat betetzeko eginbeharra, adibidez, eginbehar hori bete dezatela, onartuz eskubidea duzula irispidea izateko, zuk historia klinikoa eskatu arren hilabeteko epean erantzun ez badizute.

Euskal administrazio publikoen kasuan, legearen arabera, ez dago zehapen ekonomikorik jartzerik; euskal entitate publikoen kontura jarduten duten entitate pribatuak badira, ordea, bai, haiei zehapena ezarri ahal zaie.

Zure datu pertsonalen tratamenduaren ondorioz kalte-ordain bat jaso nahi baduzu, justizia-auzitegietara jo behar duzu, DBEAn egindako erreklamazioak ez baitira hori lortzeko bidea.

Egoera hauetan, adibidez, BAI, lagundu ahal dizugu

Egoera hauetan, EZ, ezin dugu esku hartu

  • Erreklamazioa enpresa pribatuen aurka aurkeztu baduzu; halakoak dira, adibidez, telefono-konpainiak, argi eta ur zerbitzuen konpainiak, Interneteko hornitzaileak, bankuak, sare sozialen operadoreak...
  • Auzo-erkidegoekin edo partikularrek edo enpresa pribatuek egindako bideozaintzarekin zerikusia duten auziak badira.
  • Zu interesdun zaren administrazio-prozedura bateko txostenak irispidean izan nahi badituzu.

Zalantzarik izanez gero, guri kontsultatu, zuri orientabidea emateko gaude

Erreklamazioa aurkeztu aurretik izan ditzakezun zalantzak argitu ahal dizkizugu, eta, guk eskumenik ez badaukagu, planteatu diguzun auzia ebazteko egon daitezkeen bideei buruz zuri orientabidea ematen saiatuko gara.

Gainera, erreklamazio bat aurkeztu beharrean datuen babesari buruzko kontsulta bat egin nahi badiguzu, lagundu ere egin zaitzakegu. Egin zure kontsulta aurrez aurre, jarraian adierazten den telefonoaren edo posta elektronikoaren bidez.

Nola aurkeztu erreklamazioa?

Zure datuak behar bezala tratatu ez direla uste baduzu eta guk eskumena badaukagu, erreklamazioa aurkeztu ahal duzu; horretarako behar duzun informazio guztia daukazu atal honetan: Nola erreklamatu.

Orrialde hau partekatu