Erabaki automatizatu indibidualizatuen menpe ez egoteko eskubidea

Zer da?

Eskubide honen xedea da pertsonek bermatuta izatea tratamendu automatizatu batean soilik —profilak egitea barne— oinarrituta dagoen eta beraiengan ondorio juridikoak edo antzeko ondorio esanguratsuak dituen erabaki baten objektu ez direla izango.

Profilak egitea da zure datu pertsonalak erabiliz zure alderdi pertsonal batzuk ebaluatzea bilatzen duen datu pertsonalen tratamendu automatizatu oro, batez ere errendimendu profesionala, egoera ekonomikoa, osasuna, lehentasun pertsonalak, interesak, fidagarritasuna edo portaera.

Edozelan ere, eskubide hau ez da aplikatuko honako kasuetan:

  • Beharrezkoa bada tratamenduaren arduradunaren eta zure artean kontratu bat egiteko edo betearazteko.
  • Zure datuen tratamenduaren oinarrian zuk zeuk aldez aurretik adierazitako adostasuna badago.
  • Batasuneko edo estatu kideetako zuzenbideak baimentzen badu, eta interesdunaren eskubideak, askatasunak eta interes legitimoak babesteko neurri egokiak xedatzen badira.

Edozelan ere, lehenengo bi kasuetan, arduradunak bermatu egin beharko ditu zure eskubide hauek: bere aldetik pertsona batek esku hartuko duela, eta zure ikuspuntua adierazteko eta erabakiaren kontra egiteko eskubideak ere bai.

Datu kategoria bereziei (9.1 artikulua) ez zaizkie ezarriko salbuespen horiek, salbu eta 9.2 artikuluko a) edo g) letra aplikatzen bada eta interesdunaren aurreko paragrafoan adierazitako neurri egokiak hartu badira.

Banakako erabaki automatizatuen xede ez izateko eskubidea gauzatzea

TRATAMENDU AUTOMATIZATUETAN BAKARRIK OINARRITUTAKO ERABAKI BATEN MENPE —PROFILAK EGITEA BARNE— EZ EGOTEKO eskubidea baliatzeko eredua (ODT, 22 KB)

Eredu hau erabiliko da datuak ezerezteko eskubidea baliatu nahi bada.

NANaren fotokopia aurkeztu beharko da edo zuzenbideak baliokotzat jotzen duen eta identifikazioa egiaztatzen duen beste dokumentu baten fotokopia. Ordezkari baten bidez aurkeztu nahi bada, ordezkaritza duen pertsonaren NANa eta ordezkaritza egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko dira.

Eskatzaileak zuzenean jo behar du ustez edo seguru bere datuak dituen organora eta eskabidea hari aurkeztu; dena delako organoak gehienez hilabeteko epean erantzun beharko dio, arrazoitutako luzapenik ezean.

Eskubidea ez badute aintzat hartu edo eskabideari ez badiote erantzun epe barruan, erreklamazioa aurkeztu ahal izango da Datuak Babesteko Euskal Agintaritzan, honako agiriak aurkeztuta:

  • Tratamenduaren organo arduradunari aurkeztutako eskubidea baliatzeko eskabidearen kopia zigilatua.
  • Eta, hala badagokio, organo horren erantzunaren kopia.

Erabaki indibidual automatizatuen xede ez izateko eskubidearen babesa

Uste baduzu ez dizutela eskubidea aintzat hartu, BABESA eskatu ahal izango diozu Datuak Babesteko Euskal Agintaritzari edo kasu bakoitzean dagokion kontrol agintaritzari.

Datuak Babesteko Euskal Agintaritzan BABES erreklamazioa eskatzeko eredua (ODT, 23 KB)

Orrialde hau partekatu