Ezerezteko eskubidea («ahaztua izateko eskubidea»)
Zer da?
Betiko ezerezteko eskubidearekin du zer ikusia.
Datu pertsonalak ezerezteko eskubidea baliatu ahal izango da dena delako tratamenduaren arduradunaren aurrean, ondoko kasuren bat gertatzen denean:
- Norberaren datu pertsonalak jadanik ez badira beharrezkoak, bildu zirenean edo beste modu batez tratatu zirenean zeuden helburuen argitan.
- Norberaren datu pertsonalen tratamenduaren oinarrian norberaren adostasuna dagoenean eta adostasuna bertan behera uzten denean, baldin eta tratamenduaren oinarrian ez badago tratamendua legitimatzen duen bestelako arrazoirik.
- Norberaren datu pertsonalen tratamenduari aurka egiteko eskubidea baliatu denean, honako egoeretan:
- Tratamenduaren arduradunak egindako datu tratamenduaren oinarrian interes legitimoa dagoenean edo interes publikoko eginkizunen bat betetzea, eta ez denean egon tratamendua legitimatzen duen beste arrazoirik.
- Norberaren datu pertsonalak ez daitezen erabili marketin zuzena egiteko, profilak egitea barne marketin zuzena dela-eta.
- Norberaren datu pertsonalen tratamendua legez kontra egin bada.
- Norberaren datu pertsonalak ezereztu behar badira, tratamenduaren arduradunari aplikagarri zaion Batasuneko edo estatu kideetako zuzenbidean ezarritako lege-betebehar baten indarrez.
Gainera, Erregelamendu Orokorrak ezerezteko eskubidea arautzen duenean, “ahaztua izateko eskubidearekin” lotzen du; eta, beraz, datu pertsonalak argitaratzen dituen tratamendu-arduradunak nahitaez agindu beharko die datu horien berri eman dieten beste tratamendu-arduradunei ere ezabatzeko datu horietara dauzkaten estekak edo kopiak edo erreplikak.
Ejercicio del derecho al olvido
EZEREZTEKO ESKUBIDEA baliatzeko eredua (ODT, 21 KB)
Eredu hau erabiliko da datuak ezerezteko eskubidea baliatu nahi bada.
NANaren fotokopia aurkeztu beharko da edo zuzenbideak baliokotzat jotzen duen eta identifikazioa egiaztatzen duen beste dokumentu baten fotokopia. Ordezkari baten bidez aurkeztu nahi bada, ordezkaritza duen pertsonaren NANa eta ordezkaritza egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko dira.
Eskatzaileak zuzenean jo behar du ustez edo seguru bere datuak dituen organora eta eskabidea hari aurkeztu; dena delako organoak gehienez hilabeteko epean erantzun beharko dio, arrazoitutako luzapenik ezean.
Eskubidea ez badute aintzat hartu edo eskabideari ez badiote erantzun epe barruan, erreklamazioa aurkeztu ahal izango da Datuak Babesteko Euskal Agintaritzan, honako agiriak aurkeztuta:
- Tratamenduaren organo arduradunari aurkeztutako eskubidea baliatzeko eskabidearen kopia zigilatua.
- Eta, hala badagokio, organo horren erantzunaren kopia.
Ezerezteko eskubidea babestea
Uste baduzu ez dizutela aintzat hartu ezerezteko eskubidea, BABESA eskatu ahal izango diozu Datuak Babesteko Euskal Agintaritzari edo kasu bakoitzean dagokion kontrol agintaritzari.
Datuak Babesteko Euskal Agintaritzan BABES erreklamazioa eskatzeko eredua (ODT, 23 KB)
Ezarpen arauak
- 2016/679 (EB)Erregelamendua, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27koa. (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra) (17. artikulua)
- Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa (15. artikulua)
- Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legea (8. artikulua)
- Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legea garatzen duen urriaren 18ko 308/2005 Dekretua (9. artikulua)













