HEDATU, Datuak babesteko ordezkarien komunitatea
Ongi etorri HEDATUra. Parekorik ez daukan plataforma da hau, euren eginkizunak Euskal Sektore Publikoaren esparruan egikaritzen dituzten datuak babesteko ordezkarientzat beren-beregi diseinatua. Mundu honetan pribatutasunaren babesa eta datu pertsonalen kudeaketa gero eta funtsezkoagoak dira. Hori gogoan izanik sortu da HEDATU, euren lanbidea esparru publikoan garatzen duten pertsonek bat egin dezaten, ikasketa, lankidetza eta esperientzien elkartrukea bideratzeko.
Zer da HEDATU?
Plataforma informatiko bat baino askoz gehiago da HEDATU; topaketarako eta lanbide-arloko garapenerako gunea da. Datuak babesteko ordezkariak (DBO) elkarren artean konektatzeko, partekatzeko eta lankidetzan aritzeko eta hori guztia arin eta modu efikazean egiteko beharrizanetik sortu da. Plataforma hau diseinatu dugu profesionalei euren eguneroko erronketan laguntzeko, eta horretarako eskura jartzen dizkiegu tresnak, baliabideak eta uneoro prest dauden adituen sare bat.
Gure helburuak
HEDATUren helburu nagusia da DBOen sarea sendotzea eta, horretarako, antzeko interes, erronka eta erantzukizunak dauzkaten profesionalen artean harreman hurbila ahalbidetzea. Gaur egun, datuen babesari buruzko araudia etengabeko bilakabidean dago, eta egoera horretan asmoa da HEDATU erreferentzia izatea, xede hauekin:
> Jardunbide egokien elkartrukea bideratzea eta ezagutza espezializatua partekatzea.
> Baliabideak eta dokumentazio eguneratua eskura jartzea datuen babesari buruz.
> Elkarlana sustatzea DBOen artean zalantzak ebazteko, kasu konplexuei buruz eztabaidatzeko eta erakundeetan datuen babeserako estrategiak hobetzeko.
> Prestakuntza iraunkorrerako gunea eskaintzea eta, horretarako, komunitateak ikasketa-arloan dauzkan beharrizanetara egokitutako baliabideak irispidean jartzea.
Zer aurkituko duzu HEDATUn?
HEDATU plataforma diseinatu dugu DBO gisa egunero egin behar duzun lanean behar duzun guztia eskueran izan dezazun. Zerbitzu eta funtzionalitaterik nabarmenenetako batzuk honako hauek dira:
> Eztabaidaguneak: komunitateko kideek gune horietan aukera dute zalantzak azaltzeko, kasu praktikoak partekatzeko eta denon intereserako gaiei buruz eztabaidatzeko.
> Baliabide espezializatuetarako irispidea: Hainbat motatako dokumentu eta materialak, datuen babesaren kudeaketa eguneroko jardunean errazteko hautatuak.
> Agenda: DBOentzat garrantzi handia duten ekitaldiei buruzko informazio eguneratua.
> Lankidetzarako guneak: tresna horiei esker profesionalek proiektuetan taldeka lan egin dezakete, baita ohiko arazoak ebatzi eta baterako ekimenak garatu ere.
> Harreman-sarea: profesionalen direktorioa, datuak babesteko ordezkarien arteko harremanak bideratzeko eta, hala, elkarren arteko lankidetza eta laguntza sustatzeko.
Etengabe hazten ari den komunitatea
HEDATU ez da soilik plataforma estatiko bat. Aitzitik, proiektu bizia ere da, erabiltzaileen beharrizanetara egokitzen dena eta komunitatearen ekarpenei esker hazten dena. Sortu denetik, gure asmoa da funtzionalitate berriak etenik gabe bilatzea eta erabiltzailearen esperientzia hobetzea, zuen iradokizun eta iruzkinak oinarri hartuta. DBO bakoitzak HEDATUn tresna erabilgarria, efikaza eta erabilerraza aurki dezala nahi dugu.
Nor izan daiteke HEDATUko partaide?
HEDATU baliatu dezakete soil-soilik Euskal Sektore Publikoko datuak babesteko ordezkariek eta esparru horretan zeregin hori betetzen dutenek edo laguntzaile ari direnek, direla administrazio publikoetako langileak, direla entitate horiei datuen babesaren arloko zerbitzuak ematen dizkieten enpresetako profesionalak. Gune hau diseinatu dugu haiek guztiak elkarreraginean aritu daitezen, esperientziak partekatu ditzaten eta Euskal Sektore Publikoaren barruan dauzkaten eguneroko erantzukizunetan laguntza eskura eduki dezaten.
Bat egizu HEDATUrekin
Euskal Sektore Publikoko entitate batean datuak babesteko ordezkaria bazara eta komunitate profesional sendo bateko kide izan nahi baduzu, ezagutza, laguntza eta garatzeko aukerak eskura izan nahi badituzu, HEDATU zuretzat lekurik aproposena da. Gure plataformaren bidez beti egunean-egunean izango duzu datuen babesaren arloko azken joeren berri, zure sare profesionala sendotuko duzu eta gaur egungo ingurune digitalak dakartzan erronkei segurtasun handiagoz egingo diezu aurre.
Erregistratzeko orduan, zure rola aukeratu beharko duzu honako hauen artetik:
> DBO publikoa: Euskal Sektore Publikoko langile publikoak, beren erakundeko datuak babesteko ordezkari gisa dihardutenak.
> DBO elkartua: enpresa pribatu bateko langileak datuak babesteko ordezkariaren rola betetzen dutenak zerbitzua ematen dioten erakunde publiko batean.
> Ekarle publikoa: Euskal Sektore Publikoko langile publikoak, DBOko kargua espezifikoki bete gabe, beren lantaldean daudenak edo figura hori dutenekin lankidetzan aritzen direnak, datuak babesteko zereginetan lagunduz.
> Laguntzaile elkartua: enpresa pribatu bateko langileak, erakunde publiko bateko DBOren laguntzaile gisa jarduten dutenak, datuak babesteko eginkizunetan lagunduz.
Erregistratu orain eta jakin zenbat gauza dauzkan HEDATUk zuri eskaintzeko. Zure zain gaude!