Ezagutu zure eskubideak

Euskal sektore publikoko entitate bat zure datu pertsonalen tratamendua egiten ari bada, jakin behar duzu eskubide batzuk dituzula, eta organismo horren aurrean eskubide horiek egikaritu ahal dituzula.

Eskubide horietako edozein egikaritzeko, harremanetan jarri behar duzu entitate publikoak datuak babesteko ordezkari (DBO) izendatu duen pertsonarekin. Entitate horren eginbeharra da pertsona horren harremanetarako datuak zuri ematea.

Egikaritu nahi diren eskubideak artatzeko epea hilabetekoa izango da, eskaera jasotzen denetik aurrera. Arduradunak eskaera bideratzen ez badu edo jasotzen duzun erantzunarekin pozik geratu ez bazara, DBEAn erreklamazioa aurkeztu ahalko duzu, egin duzun eskaera eta jaso duzun erantzuna erantsita.

Datuen titularra zaren aldetik, hauek dira zure eskubideak:

Informazioaren gardentasunerako eskubidea. DBEOren 12., 13. eta 14. artikuluak.

Edozein entitatek adierazi behar dizu, modu argi, erraz eta gardenean, nola erabiltzen dituen zure datu pertsonalak eta tratamendu horregatik zein eskubide egikaritu ahal dituzun.

Adibidez: zure udalak antolatutako ikastaro batean izena emateko datu pertsonalak eskatzen badizkizute, hala nola zure izena, NANa edo telefono-zenbakia, udalak, eskubide hori bermatzeko, hainbat gauza azaldu behar dizu, horien artean zure datuak zein helburutarako erabiltzen dituen, zenbat denboratarako, edo zuk zein eskubide egikaritu ahal dituzun.

Irispide-eskubidea. DBEOren 15. artikulua eta DPBEDBLOren 13. artikulua.

Eskubidea duzu informazio hau jasotzeko: zuri buruz zein datu pertsonal dituzten, zertarako erabiltzen dituzten, nondik atera dituzten, norekin konpartitzen diren eta zenbat denboratarako gordeko diren. Datu horien kopia bat ere eskatu ahal duzu.

Adibidea: non zauden erroldatuta, bertako udalari eskatu ahal diozu zehazteko zein informazio gordetzen duten (esate baterako, zure izena, helbidea, NANa edo zerga-arloko datuak), zertarako erabiltzen duten (errolda edo udal zergak kudeatzea) eta beste antolakunde batzuekin konpartitzen al duten (adibidez, ogasun sailarekin).

Zuzentzeko eskubidea. DBEOren 16. artikulua eta DPBEDBLOren 14. artikulua.

Eskatu ahal duzu zure datu pertsonalak zuzen ditzatela, okerrak edo osagabeak badira.

Adibidea: Eusko Jaurlaritzari dirulaguntza bat eskatzean ikusten baduzu haien datu-basean zure helbidea edo telefono-zenbakia txarto dituztela, datu horiek zuzen ditzatela eskatu ahal duzu. Hala ziurtatzen da Eusko Jaurlaritzak zuri buruz dituen datuak zuzenak izatea eta zuretzat arazorik ez egotea –jakinarazpenik ez jasotzea, adibidez–.

Ezerezteko eskubidea. DBEOren 17. artikulua eta DPBEDBLOren 15. artikulua.

Eskatu ahal duzu zure datuak ezaba ditzatela, zein helburutarako bildu ziren eta horretarako jada beharrezkoak ez badira, zure adostasuna kentzen baduzu, erabilera horren aurka egiten baduzu edo tratamendua zilegia ez bada. Horren haritik, baliteke bilatzaile batean zure izen-abizenak agertzen diren esteka batzuk ezabatu ahal izatea.

Adibidea: Bizkaiko Foru Aldundiaren prestakuntza-ikastaro batean parte hartu duzu, eta, izena emateko, datu pertsonal batzuk eskatu dizkizute, esate baterako izen-abizenak eta NAN zenbakia. Ikastaroa amaitutakoan, informazio hori euren datu-basetik ezaba dezatela eskatu ahal duzu. Datu horiek kontserbatzeko arrazoirik ez badago, administrazioak guztiz ezabatu beharko ditu.

Tratamendua mugatzeko eskubidea. DBEOren 18. artikulua eta DPBEDBLOren 16. artikulua.

Zure datu pertsonalak aldi baterako blokeatzeko eskatu ahal duzu, espezifikoa den zerbait bideratzen ari den bitartean (esate baterako, datuak behin betiko ezabatzea). Horrek esan nahi du modu seguruan gorde behar dituztela, baina ezin dituztela erabili, ezta aldatu edo konpartitu ere.

Adibidea: demagun udal bati zure datuak eman dizkiozula gizarte-laguntza bat eskatzeko, baina zure ustez, zure familia-informazioa behar ez bezala erregistratu dutela: horrek laguntzen izapideetan eragina izan dezake. Tratamendua mugatzeko eskatu ahal duzu: udalak zure datuen erabilera «pausan utzi» behar du, hutsegitea egiaztatzen eta zuzentzen duten arte. Bitartean, datuak modu seguruan gordetzen dira, baina beste ezertarako ere ez dira prozesatzen; hala, beste izapide publiko batzuetan sor daitezkeen arazoak saihesten dira.

Aurka egiteko eskubidea. DBEOren 21. artikulua eta DPBEDBLOren 18. artikulua.

Aurka egiteko eskubideari esker, inork zure datu pertsonalak xede jakin batzuetarako erabiltzeari «ezetz» esan ahal diozu. Eskubide hori egikaritu ahal duzu, uste baduzu zure datuak erabiltzea ez dela beharrezkoa edo zuretzat ondorio bidegabeak egongo direla.

Adibidea: demagun udal batek zure posta elektronikoko helbidera informazio-buletinak bidaltzen dizkizula ekitaldi kulturalei buruz, eta horretarako udal datu-base bat erabiltzen duela, zeinean erregistratuta baitzaude zerbitzu publiko bat eskatu zenuelako. Posta elektronikoko mezu horiek jasotzen jarraitu nahi ez baduzu, aurka egiteko eskubidea egikaritu ahal duzu eta zure posta elektronikoko helbidea helburu horretarako utz diezaiotela eskatu.

Erabaki automatizatu indibidualizatuen menpe ez egoteko eskubidea. DBEOren 22. artikulua.

Ezin da zuri buruzko erabakirik hartu, gizakirik tartean ez duten prozesu automatizatuetan soilik oinarritzen bada (adibidez, algoritmoak edo sistema informatikoak), eta erabaki horiek zure bizitan eragin nabarmena badute, esate baterako lege- eta ekonomia-arloko gaietan edo zure eskubideen gainean.

Adibidea: imajina ezazu laguntza ekonomikoa eskatu diozula Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailari, baina sistema informatiko batek zure eskaera ukatu duela, eskakizun jakin batzuk betetzen ez dituzulako. Ez zaude ados, eta nahi duzu pertsona batek zure kasua azter dezala, zure ustez sistemak zure egoera partikularra ez zuelako behar bezala ebaluatu. Kasu horretan, eskubide hori egikaritu ahalko duzu, langile batek zure eskaera eskuz azter dezan eta, xehetasun guztiak kontuan hartuta, erabakia har dezan.

Datuak eramateko eskubidea. DBEOren 20. artikulua eta DPBEDBLOren 17. artikulua.

Datuak eramateko eskubideari esker, eskatu ahal duzu zure datu pertsonalen kopia bat jasotzeko, argia eta erabilerraza den formatu batean (fitxategi digital bat, adibidez). Eskatu ahal duzu, halaber, datu horiek beste entitate batera bidal daitezela, teknikoki ahal bada. Eskubide hori, funtsean, sektore pribatuan egikaritzen da; beraz, orokorrean, kontrol-agintaritza eskuduna Datuak Babesteko Espainiako Agentzia izango da.

Adibidea: telefono-konpainia aldatu nahi baduzu, eskubide hori egikaritu ahal duzu eta zure oraingo konpainiari eskatu ahal diozu zure datu pertsonalak zuri emateko edo konpainia berrira zuzenean transferitzeko. Horri esker, errazagoa izango da operadoreen arteko trantsizioa, datu garrantzitsurik galdu gabe.

Compartir esta página