Azken eguneratzea: 2010/08/06

Enpresei zuzendutako datuen babesari buruzko informazioa

Informazio-oharra

Datuak Babesteko Euskal Bulegoa gero eta sarriago gertatzen ari diren kexuak jasotzen ari da, zenbait erakunde aurrera eramaten ari diren kanpaina bat dela eta. Kanpaina horretan, modu lauso eta nahasgarrian, merkataritzako sektorean diharduten enpresei, batez ere txikiei, zerbitzu jakin batzuk kontratatzeko eskatzen zaie, “derrigorrezkoak” jotzen diren prestakuntzako ikastaro batzuk egin ditzaten, eta datu pertsonalak babesteko legea nola bete jakiteko aholkularitza jaso dezaten. Zehazkiago esanda, Datuak Babesteko Erregistroan datu pertsonalen fitxategian alta nola eman ikasteko dela esaten da.

Eskaera modu nahasgarrian egiten da, eta horren ondorioz, badirudi datuak babestearen arloko agintariak garela  enpresa horietara joaten ari garenak.

Gertakari horiek direla eta, Datuak Babesteko Euskal Bulegoak garbi utzi nahi du kontroleko agintariok ez dugula, inoiz ere, era horretako eskaerarik egin, eta argi eta garbi esan behar da ez dela datuak babesteari buruzko inolako prestakuntzako ikastarorik gainditu behar legeak dioena betetzeko.

Esandako guztiagatik, Datuak Babesteko Euskal Bulegoak marketing erasokor eta mehatxuzkoa darabilten enpresa batzuek eragindako okerreko uste hori argitu nahi du, egoneza eta ardura eragin baitute; datuak babesteko oinarrizko eskubidea bermea eta aukera bat da, enpresen segurtasunarekin lotuta dagoen kontu bat, eta legeak dioena betetzea erraza eta doakoa da enpresa txikientzat.

Zorionez, okerreko jarrera horien beste aldean, arlo honetako beste profesional eta enpresa batzuk egiten ari diren lana dugu; horri esker, datuak babesteko oinarrizko eskubidea gero eta gehiago ari da hedatzen eta defendatzen.

Argibideren bat behar baduzu, jo ezazu Espainiako  Agentziara, horrek baititu sektore pribatuko eskumenak; hauxe da helbidea: www.agpd.es, edo jar zaitez harremanetan Datuak Babesteko Euskal Bulegoarekin, helbideotan: avpd@avpd.es edo www.avpd.es web-orrian.

Testua pdf formatuan (22 Kb)

Orrialde hau partekatu