Pertsonen eskubideak

Datu babesari buruzko araudiak hainbat eskubide baliatzea ahalbideratzen die herritarrei: datuak atzitzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta datuei aurka egiteko eskubideak ziren. Baina, Europan Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra onartuz geroztik, beste eskubide berri bi hauek gehitu zakizkie: tratamendua mugatzeko eskubidea eta datuak transferitzeko eskubidea.

Zer jakin behar dut nire eskubideak baliatzeko?

Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 12. artikuluak  xedatzen duenaren arabera, eskubideok honako ezaugarriak dituzte:

  • Eskubide hauek eskubide pertsonalak dira, eta, beraz, interesdunek eurek baliatu behar dituzte zuzenean edo haien ordezkariek.
  • Tratamenduaren arduradunak nahitaez azaldu beharko du zein diren eskubideak baliatzeko bitartekoak, eta erraz eskuratzeko eta erabiltzeko modukoak izan beharko dira.
  • Informazioa idatziz emango da edo beste baliabide batzuen bidez, baliabide elektronikoak barne. Informazioa argi ikusteko moduan eta erraz ulertzeko eta irakurtzeko eran eman beharko da.
  • Eskabidea bitarteko elektronikoen bidez aurkezten dutenean, informazioa ere bitarteko elektronikoen bidez emango da, ahal dela, salbu eta interesdunak eskatzen badu beste moduren batez jasotzeko.
  • Eskabidea ebazteko epea hilabete batekoa izango da, jasotzen den egunetik hasita. Epe hori beste bi hilabetez luzatu ahal izango da, beharrezkoa bada eskabideen konplexutasunagatik eta kopuruagatik. Epea luzatuz gero, luzapenaren berri jakinaraziko dio tratamenduaren arduradunak interesdunari, hilabeteko epean eskabidea jasotzen denetik, eta luzapenaren arrazoiak azalduko dizkio.
  • Eskubidea doakoa da.
  • Eskabideak argi eta garbi funsgabeak edo neurrigabeak direnean (adibidez, behin eta berriz egien direnean), tratamenduaren arduradunak honela jokatu ahal izango du:
    • Kanon bat kobratu ahal izango du, kostu administratiboak estaltzeko
    • Eskabideari uko egitea.
  • Tratamenduaren arduradunak bere gain hartuko du eskabidea argi eta garbi funsgabea edo neurrigabea dela frogatzeko karga.
  • Tratamenduaren arduradunak arrazoizko zalantzak baditu eskabidea bideratzen duen pertsona fisikoaren identitateaz, interesdunaren identitatea egiaztatzeko behar den informazio gehigarria eskatu ahalko du.
  • Arduradunak ez badio bide ematen eskabideari, horri buruzko arrazoien jakitun jarriko du, bai eta kontrol-agintaritza batean erreklamazioa aurkezteko aukera duela jakinaraziko ere.
  • Gerta daiteke tratamendu-eragileak izapidetzea eskabidea, baina tratamenduaren arduradunaren kontura, hala badago jasota bien arteko kontratuan edo egintza juridikoan.
  • Kasu guztietan, tratamenduaren arduradunak eskatzaileari jakinarazi beharko dio eskubidea duela Datuak Babesteko Euskal Agintaritzari edo dagokion kontrol agintaritzari babesa eskatzeko.